Bizkargiko Santikurtzeak gure uda hasierako jai naturala

JuanluInon irakurria daukat, uda, Euskal Herriko txoko honetan, maiatzeko Santikurtze egunean hasi eta iraileko Santikurtze egunean amaitu egiten dala. Ideia honeri eutsiz, tradizinoz heldu jaku zornotzarroi Bizkargiko tontorrera santikurtzeetan igoteko ohitura, oztopoak oztopo, inon diran traba guztiak gaindituz.

Aurten be, hitzordu polita daukagu zornotzar guztiok Larrabetzu, Morga, Muxika, Gorozika eta Etxanokoakaz batera, egun ederraz gozatzeko.

Aurreko hileetan, gauza asko pasau dira Bizkargiko inguruetako herrietan, eta askoz gehiago aurreko hamarkada eta mendeetan. Ba, lagunok, ez daitezala astunak izan, iragana gogoratzeak liberatu egiten gaitualako.

Tontor kolpatu horretan, era guztietako pasadizoak ditugu gogoan, asko eta asko idatzi ezin leikezanak, baina guztien gainetik, erromeria eta lagunarteko giroa nagusitu da, aurten be holan izango da.

Ondotxo dakizuenez, beti dago bertan zer entzun eta zer esan, beti egon lei sorpresaren bat, edo ez. Garrantzitsuena, ostera, zure presentzia da, eta ez dagoena baina bihotzean daroazuna presente egitea. Izan be, geure artekoa ez da erraz ikusten dana, ez horixe, hari finez ehundutako zerbait da, hauskorra baina, aldi berean, iraunkorra.

Neguaren ixilean gorderik dagozan txoriak zanpantzarrek izartzen dabezan antzera, zelai berdeak argitzen dauzan ostadarretik jausitako loreak zaindu behar dira.

Ieup!, ospatu daiguzan ba, Bizkargiko santikurtzeak, geure uda hasierako jai naturala, ostadarretik jausitako lorea.