Bozgorailua

Azken urteotan kultura kontsumitzeko ohiturak/bideak aldatzen dabiltza (Bertatik bertaratik Nahierarako saltoa egin dugula esan dezakegu) eta ekimen edo proiektu herrikoietako parte hartzea azken hamarkadetako minimoetara bajatu dela sentsazioa baino zeozer gehiago da. Hau gutxi ez bada ere, bizi dugun pandemiak ez du ematen joerak irauliko dituenik.

Paradoxikoki, baina beharbada bizi dugun stand by egoera hau salbuetsita, kaleko bazter edo komunikabideetan, eta gainontzeko elementuen artean kamuflatuta, herri mailan antolatzen diren hainbat ekimen, jarduera eta ekitaldiz zipriztinduta aurkitu izan dira. Tarte bat hartu eta fijatzen hasita, hasierako begiradatik ihes egin dizkiguten kirol ekitaldi, antzerki saio, kontzentrazio, azoka, erakusketa, manifestazio… ugari ditugu.
Eta egia da, gura duenak informazio guzti honetara heltzeko modua badauka, baina Mahoma mendira joan beharrean zergatik ez dugu mendia Mahomara ekartzen?

Interesgarria izan daiteke Zornotzan edo zornotzarrentzako antolatzen den hau guztiaren berri nonbait bilduta edukitzea, Agenda Sozio-Kulturala alegia. Arrazoiak piloa izan daitezke: informazio zentralizatu eta eskuragarria edukitzea, antolatutakoaren zabalkundea handitzea, ekitaldi gainezarriak saihestea, udal, talde eta herritarren lanaz kontzientziatzea….
Agendaren diseinuak eztabaida luzea ekar dezake, baina irudikatzen dudan moduagatik honako ezaugarriak, behintzat, eduki beharko lituzke:

Zer agertu? Zornotzan edo zornotzarrentzako udalak, elkarteek, kirol taldeek eta banako/talde identifikatuek deialdi irekian antolatutakoa

Zelan zabaldu? Paraleloan funtzionatzen duten euskarri ezberdinak (ez dira denak izan behar): webgune, kartel, tokiko komunikabideak, instagram, facebook, mezu elektronikoak, whatsapp/telegram mezuak…

Zenbatero zabaldu?
o Epe laburrerako leihoak. Adibidez, hurrengo aste bitako informazio dena ageu daiteke. Hau dinamikoa izango zan eta astez aste mugituz.
o Epe luzerako leihoak. Erregistratutako informazio guztia uneoro eskuragarri

Nork kudeatu? Azpiegitura eta kudeaketa txikiak izan arren, baliabideak behar diren lez, udala edo finantzazio minimoa duen eragilea

Akatsak egon eta hobekuntza asko proposatu daitezke, baina merezi duen erronka delakoan nago.