Dantza amaigabea

Hautestontzien dantza abiatu da. Zorabio mediatikotik neurrizko ihesean gabiltzanoi ere heldu zitzaigun errolda txartela. Egunero gosaltzen ditugu inkesten datu jarioa komunikabide eta sareetan, datu hotz eta susmagarriak. Talde mediatiko ezberdinek prestatutakoak, Prisa, Cope, EITB, Vocento…. guztiak noski arduratsu eta inpartzialak.

Kutsakorrak bihurtu daitezke, faxisten etorrerari -sekula ez ziren joan- aurre egiteko aukera bakarra proposatzen zutenetatik, espainiako erreinuaren zatiketa edonola ekidi behar dela adierazten dutenera arte. Garcia Ferreras, Mamen Mendizabal edo Carlos Herrera tarteko, ustez kazetaritza maila estratosferiko batera igo duten tatxarik gabeko gizon eta emakumeak. Errealitate ezberdinei muzin eginez, nahi dutena, nahi dutenean eta nahi duten erara kontu kontari aritzen diren horietakoak. Independenteak eta espainolak, aurrerakoiak eta espainolak, demokratak baina espainolak.

Independentista ezkertiarrok lobby ezberdinen jarrerei aurre egin diegu, gizartetik aparte eta kontrolik gabeko botere gune izaten jarraitzen dutelako eta uste dugun baino era eraginkorrago batean, bizitzaren haztaga batera edo bestera mugiarazten duten presio esparru antidemokratikoak direla behin eta berriz baieztatzen delako.

Ditugun aurrekariekin nolatan pentsa dezakegu eskaintzen dizkiguten informazio eta ikuspuntu ezberdinetan zintzotasuna eta profesionaltasuna  direla haien irizpideak? Aurreko ziklo politikoaren arrasto antidemokratikoa bertan dirau, Kataluniako aferak edo Altsasuko liskarraren inguruko tratamendu mediatikoak adierazten duten bezala.

Baina hauteskundeak dira ziurrenik guda zelairik preziatuenak, gezurra eta zentzurik gabeko amaigabeko hitz-jarioek leku hartzen duten aparteko esparruak. Hor ere doping mediatikoa gailendu da, telebista ezberdinetako emakume bako debate beltz eta biraotsuetan. Independentista eta ezkertiar ezberdinik gabeko talk showak. Zeinen gutxi maite gaituzten gutaz horrenbeste mintzatzeko.

Hauteskundeen eskilara honek bidezidor arriskutsua bihurtu daiteke talde politiko ezberdinentzat. Apirileko emaitzek maiatzekoetan ustez baino eragin gehiago izan dezakete, hilabete bateko tartean botoaren norantza kutsakorregia bilakatuz.  Lasterketa estetikoak aspaldi aurre hartu zien arrazoi eta argudioei.

Batzuek aho zabalez Madrilen erabakigarriak izaten jarraitzen dutela saldu nahi digute, badira beste batzuk zeruak hartzeko promesa alboratu eta duela urte dezente Julio Anguitak egin bezala, 78ko gutun konstituzionala besarkatu dutenak. Askotan gure oroimen eskasaz baliatzen dira lau urteko epean horrelako jira-bira ideologikoak planteatzeko. Marko agortu baten azken koroketan omen geunden, gaur aldiz ez dago etsipena baino haratago joaterik. Azken 40 urtetako marmotaren eguna berretsi nahi dute beste behin.

“La España que quieres” izan da Peio Sanchezek erabili duen esaldia bere proposamena erakargarri egiteko. Ondare ezkertiarretik ihesean piper potoa besarkatzen eman ditu azken hilabeteak. Andaluzia galtzeak Espainia irabaztea ekarri dio, eskumaren ezkerraldea zein toki erosoa izan daitekeen adieraziz. Kanpora eta barrura begira irautearen tekniken ikasle aparta eta Susanitaren sagutxoa ez zela horren txikia erakutsi digun XXI. mendeko kartoizko gentlemana. Kataluniari edo Euskal Herriari begira berri on gutxi ordea, epaiketa politiko ezberdinek aurrera darraite Grande Marlaska bezalako pertsonaia ilunak dituen gobernu parekidearen agindupean. Nonbait preso politiko gutxi ez eta txikleak bailiran, badaezpadako espetxealdiak infinitora luzatzeko asmoarekin jarraitzen dute. Botere banaketaren usainik ez, beraz, laster abiatuko den espainiar legegintzaldi berrian.

Honen aurrean batzuk “etxean hobe” pentsatu dute. Bizi dugunaren kontrako argudio politikoek edota nekeak kolpatu dituen euskal emakume eta gizonak. Baina badago hauteskunde abstentzioari aurre hartzen dion bestelako ardurarik, kale absentismoa hain zuzen. Instituzioak, udaletxeak edo diputazioak izan, sistemaren atal mugatzaile bezala agertzen zaizkigu maiz, gizarte aldarrikapen ezberdinen aukerak era batera edo bestera kamustuz. Egitura hauek propio dituzten tramitazio teknikoek kasu batzutan, edo alderdi politikoek ezartzen dituzten filtroek besteetan, prozeduren atzerapena ekartzeaz gain, askotan proposamenak erabat desitxuratzen dituzte udal eta legebiltzar izapideetara heldu orduko.

Jarrera hauek ondorio ezberdinak ekar ditzakete, gizartearen eta alderdi politikoen eta instituzioen arteko zatiketa handiagotuz, azken hauek elitizatuz eta gune asozialetan bihurtuz. Nekez lortuko ditugu aurrerapenak benetako subirautzaren bidean edota pentsioen eta pentsiodunen ongizatean, aldaketarako tresneria eta asmo guztiak instituzioen esku uzten baditugu, hots, bozkatzea bestelako laguntzarik behar ez duen ekimen isolatu bat bezala planteatzen badugu. Horra kale absentismoaren inguruko ardura, horra kale aktibismoaren beharra, bozkatzea garrantzitsu bihurtzen duen gure gune naturala.

Azken aipamen bat. Kalean ezagutu nuen Ander eta kalean jorratu dugu gure harremana. Nekez topatuko nuke behetik gorako ikusmira duen hautagai gertuko eta herrikoiagorik. Hauteskundeetako argazkietan agertzen diren alkandorei buruzko txisteetatik haratago, hobe genuke hautagaien eskuei edo oinetakoei erreparatuko bagenie. Zornotzan bizitzea eta lan egitea zentzu zabalenean uztartzen ditu Anderrek, kaletik udaletxera eta udaletxetik kalerako zirkulua itxi dezaken hautagaia. Egongo gara.