Datak

Daten osteko datez mintzo nahiko nuke azken data honetan. Egutegi orokorrean, edo bakoitzaren egutegian, azpimarratuta dauden horietaz. Demagun, gabonetako gabon gau, gabon egun edo urte berri egunaz; hainbeste eraberritze plan egin, eta ´sukarra´ badoanean, ahazten zaizkigun horietaz, etorkizunari osasuna eta garena baino pixka bat hobeagoak izatea eskatu ordez.

Demagun, inauterietako egunez, mozorro ostekoena; gezurrak esaten dituzten maskarak birjartzen ditugun horietaz, egun batzuetako mozorrotzea ederra den bezala, askoz ederragoa litzatekeenean eguneroko kapekin estali behar ez izatea. Demagun, martxoak zortziaz; hain polita eta beharrezkoa denean egun hori desagertzea, gainerako egun guztiak ordezkatuko balute. Berdin-berdin azaroak 25az; are gehiago gaur egun, xenofobiaz eta matxismoaz baino ez dakiten indarrak -andre-gizon matxistak- dabiltzanean kaletik, nola saguak estoldetan hala. Benetako feminismoa, hots, berdintasuna, geuretik eta ez gure interesetatik abiatuta!

Demagun, abenduak 3; ze polita litzatekeen abenduak 4arekin parekatzea; ezberdindu beharrik ez izatea gainerako egunekin, berez, urte osoa euskaraldi bat litzatekeenaren seinale. Askatasuna behar dugu baina horretarako, gure etxearen jabe izatea, behin filtroetatik at, baita unibertsalak izateko ere! Azoka bat izaten jarraituko du bien bitartean. Berdin esan dezaket beraz, azokaz, euskaraldi bat izatea nahi ez badugu, urte osoa azoka izatea litzake eredua; ahobizi, eskubizi, belarriprest, eskuprest…batu behar izanik gabe, topagune konstante eta irekia; martxan egunero dabilena. Eta herria ordezkatuko duten -horren maila altua duten- gure sortzaileen lanak munduratuko dituena gurekin batera.

Ta segi nezakeen beste hainbeste datekin, beste hainbeste esparrurekin, beste hainbeste egiteekin; natura, gaixotasunak, transexualitatea, umeak, jubilatuak, maiatzak 1…

Datak data, datozen urteei begira, lurrari, familiari, lagunei…merezi duten benetako gauzen kontziente izan, eta berauei atxikitzea litzake aurrera pausoa; gure bertsio hobe bat eskaintzea urtetik urtera; datak data, gurea, izan zirenena, garenona eta izango direnena da eta.