Dena da gezurra

“Todo es mentira en este mundo. Todo es mentira la verdad” abesten du Manu Chaok. Eta arrazoi guztia dauka. “Biolentzia barik dena da posible”. Hori esaten zuten hitz egiten duten bakoitzean pozoia botatzen duten manipulatzaile eta intoxikatzaileek. Aspalditik ikusi dugu eta egun ere ikusten ari gara Euskal Herrian zenbat pertsona diren kartzelaratuak eta errepresaliatuak euren lan politikoa egiteagatik. Zerrenda amaiezina da, azkenaldiko batzuk esatearren , txiolariak, Altsasukoak, Oreretakoak, musikariak,etab.

Orain dela gutxi Kataluniako CDRkoei (Comites de Defensa de la Republica) tokatu zaie, lehenago Kataluniako hainbat politikari eta ezkerreko pertsona sartu dituzte kartzelara edo ihes egin behar izan dute Europako hainbat herritara. Nahiz eta CDRren estrategia desobedientzia zibilarena eta ez-biolentoa izan, estatu espainolarentzat “terroristak” dira, errepide mozketak egiteagatik eta bidesariak zabaltzegatik. Errebolta eta terrorismo akusazioagatik momentuz, gutxienez, bi pertsona izan dira atxilotuak, nahiz eta aske diren gaur egun.

Zer sinistu behar dugu? Nori sinistu behar diogu? Nor dago komunikabide handien atzean? Ze botere dauka? Haiek esaten digute zer pentsatu behar dugun eta guztiz manipulatuak izaten ari gara.

Euskal Herrira bueltatuta ikusi dugu pentsioen gaiarekin partidu politiko batzuek zelan jokatu duten. Jakinda zenbat boto ematen duten pentsionistek, PNVren moduko eskumako partiduak egun batean pentsionisten manifestazioei sostengua ematen die eta hurrengoan PPrekin negoziatzen jarraitzen du, azkeneko jokaldian bezala. Madrilen bi sosen truke aurrekontu neoliberal batzuk aprobatu eta aurpegi garbiketa egin nahi izan du. PNVk erreforma laboralak aprobatzen ditu eta edozein murrizketa sozialaren aldekoa izan da beti, eurenak eta euren lagunenak diren interesak soilik defendatzen ditu. Beste egun baterako utziko dugu partidu honen barruko ustelkeria (Karrantza, Muskiz, De Miguel kasua, Bakio…), hemen ere badauzkagulako gure “gurtel” kasuak.