Durangalde osoa batuko duen bidegorria aldarrikatu du EH Bilduk

Durangaldeko EH Bilduren izenean agerraldia egin dute Idoia Buruaga Elorrioko alkateak eta Eneritz Azpitarte Zaldibarko zinegotziak. Agerraldian Durangaldeko bidegorria aldarrikatu dute eskualderako “proiektu estrategiko” bezala.

Bizkaiko Foru Aldundiak Iurreta eta Zornotza lotuko dituen bizi-pista iragarri zuen irailean. Proiektu honen alde agertu dira EH Bilduko ordezkariak, baina ohartarazi dute bidegorri zati horrekin ez dela Durangaldeko bidegorria bukatzen.

“Elorrio eta Zaldibarko ordezkariak batu gara hemen, eta gure herrietara ere helduko den bidegorria aldarrikatzen dugu. Bidegorria proiektu estrategikoa izan behar da eskualdearen mugikortasun eredua aldatzeko”.

Durangaldean errepideetatik ibilgailuen trafikoa murriztu eta herriak eta lantokiak batuko dituen aukera jasangarriaren premia azpimarratu dute.

“Egunero N-634 errepidea trafikoz gainezka dugu Zaldibartik hasi eta Zornotzara bitartean, eta hori Durangaldea bidegorria egiteko orografikoki oso egokia dela kontutan hartuta. Bizikleta bide seguruak beharrezkoak ditugu”, aipatu zuen Eneritz Azpitartek.

Buruagak gogoratu duenez, “2018an Elorrioko plaza honetan batu ginen EH Bilduko ordezkari ezberdinak gure eskualdea batuko zuen bidegorria aldarrikatzeko. Elorrio, Zaldibar eta Mañarian hasita, eskualde osoa batuko duen bidegorriaren alde lan egiteko dugun prestutasuna berresten dugu”.

Egun bizi den egoera aukera bezala baliatzeko aprobetxatu behar dela gaineratu zuten. “Alarma egoerak kale garbiagoak eta kutsadura gutxiagokoak utzi dizkigu. Orain da unea herritarrengandik hurbilago dauden proiektuak egiteko. Horien artean bizikleta eta bidegorriena”.