EAEko Udalen Legearen gako nagusiak

Amorebieta-Echano_-_Ayuntamiento_2EAJk eta EH Bilduk Udalen Legearen proiektua adostu dute Eusko Legebiltzarrean. Akordio historikoa da, Euskal Autonomia Erkidegoa baita horrelako legerik ez duen Estatuko erkidego bakarra, Gernikako Estatutua onartu zenetik 36 urte igaro badira ere.

 

– EAE da Udal Lege propiorik ez duen Estatuko erkidego bakarra. 36 urtetan ez da gaitasunik egon Udal Lege bat aurrera ateratzeko. Interes desberdinen talka izan da urte luzeetan lege hau ateratzeko. PNVk gehiengo absolutua izan zuenean ere ez zuen legerik atera nahi izan, bere interes propioak zituelako horrela gertatu ez zedi.

-Egoera honek, EAEko udalen egoera asko okertzera ekarri du, besteak beste estatuko legearen baitan jardun behar izan delako. Azken urteetan Madriletik egin diren murrizketek eta arauen aplikazioak, oraindik ere egoera okerragoan kokatu ditu udalak. Aurrera begira, bertako Legerik ez izateak Estatuko Legea aplikatzea ekarriko du, Udalentzat egoera jasangaitza sortuz.

– Ondorioz, badago eskaera eta premia larri bat.

PNVk eta PSEk jarrera oso muturrekoak izan dituzte lege honen aurrean. PNVk eskema Foralarekin ez du inolaz ere apurtu nahi eta PSEk Lurralde Historikoen Legearekin talka egiten duten Estatuko beste eredu batzuk inportatu nahi ditu (bereziki Andaluziakoa).

– Gure jarrera, Udalen defentsari begira, ardura politikoz jokatzea izan da. Legearen premia  aldarrikatu eta edukia sakontzeko gure disposizioa agertu genuen. Ez genuen osoko enmendakinik aurkeztu baina bai 103 zuzenketa partzial. Enmendakin hauen helburu nagusia, eremu guztietan Udalen ahalduntzea eta indartzea izan da.

– PNVri, gure enmendakinak jarri genizkion negoziaziorako abiapuntu. Enmendakinen baitan egin dira negoziaketak. Eta argi esan genezake, gure enmendakin kopuru handi bat onartua izan dela. Bai kopuruz eta baita kualitatiboki oso garrantzitsuak ziren enmendakinak onartu egin dira.

– Azken asteetan, parte-hartzearen, euskararen erabileraren, berdintasunaren, udalen eskumenen zehaztapenetan,… aurrerapauso nabarmenak adostu dira. Duela hamabost egun adierazten genuen, finantziazioaren atalean genuela korapilo nagusia. Azken egunotan izan diren negoziaketen ondoren, finantziazioaren atalean urrats handiak eman direla esan genezake. Udalek, orain artean ez bezala, diru banaketa  orokorra egiten den tokian ahots eta bozkarekin egon ahal izango dutelako eta besteak beste, AESen eskariari aurre egiteko baliabide gehiago izango dituztelako.

– Urrats hauek, legeari babesa emateko balekotzat eman ditu EH Bilduk.

– Lege hau %100ean EH Bilduk nahiko lukeen legea ez baldin bada ere, lege ona dela argi adierazi nahi dugu, eta hori EH Bilduren ekarpenari esker lortu ahal izan da. Legeak dituen elementu nagusienak zein diren eta EH Bilduren ekarpen nagusiak zein diren azaldutzen dizuegu behean.

 

EH BILDUREN EKIMANARI ESKER UDALEN LEGEAN EGINDAKO HOBEKUNTZAK

Testuingurua:

1979an Autonomia Estatutua eta 1983an Lurralde Historikoan Legea onartu eta gero, 2016. urtera Udal Legerik gabe iritsi gara. Horren ondorioz, eremu lokala instituzio komunen eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundien mendekotasun garbian gelditu da.

Era berean, honek suposatzen du herrien marko arauemailea Madrilen dagoela eta ez hemen. Era honetara, egoera ekonomiko zail batean, Estatuak arautzen du (Arrazionalizazio Legea) herriei konpetentziak kentzeaz gain, esku hartzeko aukera daukala.

Azken finean, herritarrek beraiengandik gertuen dauden instituzioek inoiz baino premia gehiago dutenean egungo egoera sozio-ekonomikoa kontutan hartuta, Estatutik tokiko ekonomia eta bere burua antolatzeko gaitasunaren kontrako erasoak datoz.

Ondorioz, beti beharrezkoa izan bada Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Tokiko Marko Arautzaile bat izatea, orain ezinbestekoa da. Hori izan da EH Bilduren posizioa lehen egunetik, eta gure ekarpenak egin eta gero, beharrezko lege batetik (EAJren proiektua), Udal Lege on batetara pasa gara (EAJ eta EH Bilduren artean adostutako legea)

Ekarpen nagusiak:

Autonomia lokalaz ari garenean, bere eskumenak eta hauek aurrera eramateko baliabideak dituzten erakunde lokalez ari gara, ahaztu gabe herritarren ongizatean eragin zuzena dutela gehienetan.

Hasierako proiektuak herrien konpetentziak zeintzuk ziren ezartzen zuen, egun Estatuaren mehatxuarekin gauzatzen diren guztiak ziurtatuz. HasIerako eskaintzari EH Bilduk nahikoa finantziazio izango dutela ziurtatuko duten mekanismo zehatzak gaineratu dizkio:

Eskumenen finantziazioaren analisi orokorra. Ez gara hutsetik hasten, EAJk nahi zuen bezala, non konpetentzia berriak soilik zuten ziurtatua finantziazio oso bat. Egungo egoera ere aztertu behar da. Era honetara, urtebeteko epean egungo errealitatearen azterketa bat egin behar da, zeintzuk konpetentzia hartzen dituzten herri erakundeek eta zein finantziazio izango duten jakiteko. Ekarpenak ezartzerakoan, aintzat hartu beharko da analisi hau.

– Lurralde Historikoei dagozkien errekurtsoak banatzerako orduan , partaidetza zuzena izango dute herriek, hitzez eta botoz. Euskal Finantzen Kontseiluan izango duten ordezkaritza medio, banaketarako koefizienteak ezartzerako orduan eta ondoren egon daitezkeen doikuntzetan  ekarpen legearen aldaketan parte hartuko dute (gakoa 106.3 artikulua). Azken finean, banaketa orokorrean parte hartzea onartzen da lehengo aldiz eta hau efektibo egiten da.

– Musika eskolen finantziazioarentzat formula bat ezartzen da, eta maila instituzional bakoitzak heren bat jarriko du.

– GLL (Gizarte Larrialdietarako laguntzak-AESak-) Larrialdi eta Gizarte laguntzen eremu guztia epe laburrean antolatu eta arautzeko erabakia hartu da. Bitarte horretan, 20.000 biztanletik beherako herrietan, hasieran udal bakoitzari dagozkion dirulaguntzatik gainditzen den kopuruaren 2/3 Jaurlaritzak ordainduko ditu eta udalak 1/3. Betiere hasieran zegokion dirulaguntzaren %30 arte. 20.000 biztanletik gorako herrietan, %50 Jaurlaritzak, %50 Udalak. Betiere hasieran zegokion dirulaguntzaren %30 arte.

– Ondorioz, mekanismo legalak sartu ditugu, tokiko autonomia printzipioan jasotzen den finantza nahikotasun efektibo egin dadin, eta ez dadin ezerezean gelditu.

Legea alde ezberdinetatik hobetuko duten beste ekarpen batzuk ere egin dira:

1- Udaletatik harago dauden herri erakundeen errealitatea barneratzea, legean aipamen berezia eginez kontzejuen kasuan eta hauen konpetentzien blindajean.

2- Gardentasuna:

– Plenoez gain, gobernu batzorde eta kontu plenarioen organo erabakitzaileen izaera publikoa. (Azken hau plenoak hala onartzen badu)

– Eskaerak hilabeteren barruan erantzuteko derrigortasuna.

3- Herritarren partaidetza: parte-hartzea bultzatzeko baliabide konkretuak jarri dira:

– Herri kontsulten aukera.

– Kontsultak lotesleak dira.

– Herritarren interesak defendatzen dituzten edozein entitatetan  parte hartzeko aukera zabaldu herritarrentzat.

– Informatuta izateko eskubideaz gain, baita entzuna izan dadin parte hartuz eta iniziatibarekin.

– Parte-hartzeko Urteko Plana.

– Aurrekontuetan parte hartzeko dinamikak derrigortzea eta herriko zergen inguruan herri galdeketak.

– Prozesu parte-hartzaileen jarraipena egingo duen partaidetza komisio bat.

4- Herri txikien partaidetza: Politika Lokalen Euskal Kontseiluan eta Gobernu Lokalen Komisioan, 5.000 biztanletik beherako herrien partaidetza ziurtatzen da.

5- Zazpi herrialdetako herrien lurralde arteko lankidetza bultzatzeko bideak ireki dira legalki, hizkuntza, kultura, ekonomia, gizarte eta lankidetza gaietan.

6- “Mugaz gaindiko” harremanetarako  bideak ireki dira.

 

EUSKARA. Atal honi garrantzia handia eman diogu.

– Lege berria, oro har, euskararen gaineko legearen ahuluneak osatzera dator. Hau da, euskararen erabilerari dagokionez, orain dagoen ziurgabetasun juridikoa gainditzeko Udal Legeak toki erakundeei aitortzen dizkien eskumenak balia daitezke.

– Aurrerantzean, udalek eta toki erakundeek euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzeko eskumenak izango dituzte, beti ere, euren eremuetan.

– Euskal Herria Bilduren aburuz, euskararen gaineko legedia eguneratu eta hobetu bitartean, Udal Legeak euskararen aukako erasoak eteteko lanabesa ekar dezake.

– Estatuko Gobernuaren ordezkariak jarritako ehunka salaketek eta epaitegiek ezarritako hamaika murrizketek indarra galduko dute (azkena Auzitegi Nagusiak Tolosako Ordenantzen auka emanadakoak, esaterako). Horrela, euskararen erabilerak, ez guztiz baina, udaletara begira babes juridikoa lortuko du lege berriarekin.

– Udal Lege berriak ahalbideratu du tokiko erakundeak euskararen erabileraren sustapenerako eskumenak izatea. Hau da, udalerri euskaldunak, arnasa-guneak, aukera gehiago izango dute euskararen aldeko politikak gauzatzeko.