EAEn gutxienez 4.113 tortura kasu egon direla egiaztatu du EHUk egindako ikerketa batek

Guardia Zibila 1972 kasutan egon zen inplikatuta, Polizia Nazionala 1785 kasutan eta Ertzaintza 336 kasutan. Euskal Herriko Unibertsitateko aditu talde batek burutu du tortura eta tratu txarren gaineko txostena, Eusko Jaurlaritzaren eskariz. Txosten horretan, 1960 eta 2014 urteen artean Euskal Autonomia Erkidegoan eman ziren kasuak biltzen dira.

2017ko abenduan, Eusko Jaurlaritzak Kriminologiaren Euskal Institutuari eskatutako torturen inguruko txostena aurkeztu zuten. Txosten horretan, azken 50 urteetan, milaka euskal biztanlek jasandako bizipenak bildu dituzte hamarnaka adituk, urte luzeetan egindako ikerketa lan sakonaren ondorio.

Hala ere, deskribatzeko zaila da gaitz honen praktika. Nahiz eta, bost hamarkada geroago ere oraindik egunerokotasuneko gaia izan, eta torturak sufritu dituztenei ondorio politiko eta juridikoak eragiten dizkieten.

Momentuz, txosten hau 1960tik aurrerako Euskal Autonomi Erkidegoko 4113 tortura kasurekin itxi da, 1978tik aurrerakoak dira horien %73. Jasotako testigantzetatik 1792 Guardia Zibilari dagozkionak, 1785 Polizia Nazionalari eta 336 Ertzaintzari. Guztira 3415 kasu, zenbait pertsonek behin baino gehiagotan jasan baitzituzten torturak.

Horrez gain, badira beste 454 txosten, oraindik ikertu eta baloratu gabe daudenak. Bestalde, 20 zigor-epai baino ez dira egon torturak leporatzen zaizkienentzat. Datu hori kontuan izanda, ikerketa lan hau osatzen duten kasuen %99,5 zigorgabe gelditu direla ondoriozta daiteke.

Ertzaintzaren kasuan, salaketa kasuak gora egin zuen 1991 eta 2004 urteen artean, eta 1997an egin ziren salaketa gehien, 42, hain zuzen ere, Guardia Zibiliaren eta Polizia Nazionalaren aurka aurkeztutakoak baino gehiago. 2000 urtetik 2003 urtera salaketak 114ra igo ziren.

Aurtengo urtarrilean, Nafarroako Foru Gobernuak torturen ikerketa Euskal Autonomia Erkidegoan ikerketa burutu duen talde berari esleitzea onartu du. Espainiako Gobernuak, aldiz, Auzitegi Konstituzionalera jotzea erabaki du, ikerketa hori aurrera eramateko aitortutako laguntzak bertan behera uzteko.

Unai Romano 2001eko irailean torturatu zuen Guardia Zibilak.

Txostenetik ondorioztatzen da, tortura eta tratu txarren jazarpena ez dela gertaera isolatu bat izan, baizik eta testuinguru jakin baten, aurrera eraman diren praktikak izan dira, helburu sozial eta politiko zehatz batzuekin.

Egia ez da auzitegiek esaten duten lekuan hasi eta bukatzen . Izan ere, inpunitatean ezkutatuta, tortura ez da ikertua izan, ezta zigortua ere. Eta ikusarazi eta zigortu diren kasu gutxietan, autoreak barkatu edota karguz igo dituzte.

Inpunitatean ezkutatutako pertsonen artean dago, esaterako, Manuel Sanchez Corbi, 1991n Kepa Urra torturatu zuten Guardia Zibiletako bat izateagatik kondenatua. 2015ean estatu frantsesak legioaren ohorezko domina eman zion, 1999an Aznarren gobernuak indultatu egin zuen eta gaur egun Guardia Zibilaren Operazio Unitate Zentraleko koronel burua da.

Alejandro Hernandez Mosquera eta Diego Perez de los Cobos, aurrekoarekin batera, sumario berean akusatuak izan ziren, eta gaur egun, Gobernuko segurtasun departamentuko zuzendaritzan daude, baita kabinetearen koordinazioko zuzendaritzan eta estatu segurtasuneko idazkaritzako ikerketa zuzendaritzan ere, hurrenez hurren. Azken hau, iazko Kataluniako prozesuko errepresio ekintzen arduradun nagusietako bat izan zen. Tamalez, ez dira bakarrak.

2008ko urtarrilean, Igor Portu ospitalera eraman behar izan zuten Guardia Zibilak tortaratu eta gero.

Txostenaren mardultasuna eta luzera kontuan izanik, erantzun politikoak jarraian ageri izan dira, markak hautsiz, esaterako, euskal sozialisten buruzagienak. Alderdi bakoitzak, gertaeretan izandako ardura politiko zuzenaz ohartuta, irakurketa bera egin du hitz desberdinak erabiliz, baina axolagabekeria eta ukapen gradu bera erabilita.

Horrela, zenbaitentzat torturaren praktika inoiz existitu ez den ilusio bat izan da, beste batzuentzat gertakari isolatu batzuk izan dira eta azkenengoentzat, bai baina ez bat da. Isiltasunean onartzen dute, kasuek Guardia Zibilari edota Polizia Nazionalari eragiten dietenean, baina Ertzaintzaren ardurapeko kasuak direnean, ukatu egiten dituzte.

“Zigorrik gabe ez dago deliturik”, balorazio harrigarria, txostenaren datuak eta hori burutu duten adituen profesionaltasuna kontuan izanda. Izan ere, txostenean ageri denez, aurkeztutako 4113 tortura kasuetatik %5 soilik izan da zigortua.

Duela gutxi, Giza Eskubideen Europako Auzitegiko sententzia jakitera eman da, zeinetan 2008an Guardia Zibilak Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatu zituela onartzen den. Ondorioz, Estrasburgok estatu espainola bi euskal presoak indemnizatzera kondenatu du, izan ere, hasieran Gipuzkoako Auzitegiak kondenatu zituen arren, Auzitegi Gorenak guardia zibilak errugabetu zituen.

Torturak jasan dituzten zornotzarrek egindako agerraldia.

Zornotzan, belaunaldi desberdinei aurpegia jartzea lortu genuen, gatazka eta norgehiagoka urteen ondoren, beraiek bizi izandakoa kontatu zuten. Beraien kontakizuna beste egi horren zatia da, ukatutakoa, baztertutakoa, desatsegina dena… Pedrok eta Saioak 50 urteko ibilbidea laburbiltzen dute, tortura ezaugarri komuna izanik. Beraien testigantzak milaka euskal herritarrenei lotuta daude, herri bezala, gure memoria kolektiboaren parte direlarik.

Txosten honen datu guztiek, duten balio dokumental eta historikoaz gain, gertaerak modu inpertsonalean laburbiltzen dituzte eta ez dute benetako beldurra, inpunitatea edota babesgabetasuna deskribatzea lortzen.

Guztien konpromiso eta aitorpenik gabe, belaunaldi berriek herrialde honetako pertsonak atxilotuak, inkomunikatuak, torturatuak eta espetxeratuak izan zitezkeela ulertzeko zailtasunak izango dituzte, torturapean lortutako adierazpenengatik.

Behintzat, gizarte bezala aurrera egiteko baliagarria izan dadila, gure etorkizuna eraiki eta berriz gerta ez dadin. Delituak preskribatu egiten dira, tortura ez.