EAJ eta PSE A-8 autopistako bidesariak kentzearen kontra agertu dira

AP-8 Peajerik Ez plataformak Boroako peajea kentzea eskatu zuen azkeneko udalbatzarrean. EH Bilduko eta Hiri Ekimeneko zinegotziok mozioa babestu genuen, baina EAJk eta PSEk kontra bozkatu zuten, autopista doanekoa izateko eskaria atzera botata.

 

 

AP-8 Peajerik Ez plataformak aurkeztutako mozio bat eztabaidatu zen azkeneko osoko-bilkuran. Amorebieta-Etxanoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari Boroako bidesaria kentzeko eska diezaiola galdegiten zuen testuak.

Amorebieta-Etxano eta Erletxe arteko autopista tartea (0,85 euro) autopista sareko garestienetakoa dela ohartarazten du plataformak.

Gainera, Amorebieta-Etxanotik Durangorako noranzkoan, bidesaria 2,2 eurokoa dela kritikatzen du, hau da, Bilbotik Durangora joateko kobratzen den zenbateko bera.

Horrenbestez, peaje hori injustua dela eta zornotzarrok diskriminazio ekonomikoa jasaten dugula salatu eta Boroako bidesaria kentzea eskatu zuen AP-8 Peajerik Ez plataformak.

Argudio horiek gure eginez, EH Bilduko eta Hiri Ekimeneko zinegotziok (8 boto) mozioa babestu genuen, baina EAJk eta PSEk kontra bozkatu zuten (9 boto), AP-8 autopista doanekoa izateko ekimena geldiarazita.

Plataformaren eskaria atzera botata, jeltzaleek eta sozialistek beste mozio bat aurkeztu zuten, hilean gehienezko gastu muga bat ezarrita, autopistako bidesariak mantentzea defendatuz.

Aldundiari Bizkaiko azpiegitura guztiak sistema bakarrean integra ditzala ere galdegin zuten testu horretan, baina horretarako Espainiako Gobernuak AP-68 autopista kudeatzeko eskumena euskal erakundeen esku utzi beharko luke lehenengo.

Esan gabe doa mozio honek egin zuela aurrera, EAJren eta PSEren aldeko botoekin. Beraz, denak orain arte bezala jarraituko du, herritarrok peaje injustuak ordaintzen segitu beharko dugu.