EAJk bere interesen mesedetan erabili du Zornotzako Berdintasun Plana

Amorebieta-Etxanoko III. Berdintasun Plana talde politiko guztien eta udalerriko hainbat elkarte eta eragile sozialen parte-hartzearekin burutu da, baina Udal Gobernuak berea bailitzan saldu du. Lotsagarria eta onartezina.

Hilabete pasa da Amorebieta-Etxanoko Udalak III. Berdintasun Plan “parte-hartzailea” udalerriko etxe guztietara buzoneatu zuenetik. Justu aste bete lehenago, birziklapen tasaren %1ren igoeraren datuak salduz buzoneatu gintuzten. Beraien ustez, harro egoteko datuak… zer buzoneatuko digute Europak eskatutako minimoetara heltzen garenean?!

Berdintasun plana, aste bete beranduago heldu zen, Hileroa aldizkariaren banaketa baino egun batzuk beranduago. Itxura oso polita duen liburuxka da banatu digutena (gure herria bezala, oso polita). Baina lorpenak goraipatzen eta buzoneatzen hasita, esan behar da liburuxka hau jasangarria den zerbait izatetik oso urrun dagoen zerbait dela. Baina, aizue, zorionak birziklapena % 1 igo dugu-eta!

Eta Plana dela eta, zer dago liburuxka “polit” honen atzean? Zergatik Hilero aipatu guzti honetan? Liburuxka esku-artean hartzen badugu, plana bera bi orrialdetan aurkezten dela ikusiko dugu. Pentsa, euskaraz eta gaztelaniaz, liburuxkak 44 orrialde ditu! Eta, bitartean zer dago? Bada, espazio zuri izugarriak eta argazki asko.

Izatez, parte-hartzailea izanik, parte hartutakoen argazkiak agertzea logiko dela deritzogu, baina nortzuk ageri dira argazki horietan? Gutxienez, ez dute Hileroan erabilitako jokaldi bera erabili. Hau da, plan parte-hartzaile bat Berdintasun zinegotziaren aurpegiaren argazki batekin argitaratu dute aldizkarian.

Portzierto, aurpegia A4ko tamainan. Oraindik ez dakigu zein izan den argazki hori modu horretan erabiltzearen helburua, nahiz eta modu ez ofizialean susmoa hartu. Bestela ere, denborak esango digu.

Pertsona batek, ze aurpegirekin begiratu ditzake plan honetan lanean aritu diren kolektiboetako partaideak beraien lana horrelako jokabideekin eskertzen duenean? Plan parte-hartzailea da saldu digutena. Bada, goazen parte hartzearen inguruan gauza batzuk azaltzera: Parte-hartzearen dimentsio garrantzitsu bat da erabakiak kolektiboan hartzea. Ondorioz, oso nabaria da sortzen den nortasun sentimendua eta hartutako erabakiekin sortzen den identifikazio maila.

Parte-hartzeak lagundu egiten du kooperazio kolektiboa sendotzen eta, bide batez, komunitate sentimendua indartzen. Dena den, horrelako prozesuek badituzte muga sozial, politiko eta ekonomiko garrantzitsuak. Horregatik, partehartze prozesua demokratikoa eta eraldatzailea izatea nahi bada, ahaleginak egin behar dira parte-hartzaileen aukera berdintasuna segurtatzeko, hau da, gizartean dauden desoreka ekonomiko, politiko eta sozialei aurre egiteko, gure ingurukoa ez den jendarteaz gain, ahulenen edota baztertuenen egunerokotasunera gerturatu eta hauen parte-hartzea bultzatu behar da bereziki.

Gauzak horrela, Berdintasun Plan honi buruz eta EAJk erabilitako jokabideari buruz hau da Zornotzako EH Bilduk adierazi nahi duena:

1- Ez dugu onartuko horrelako erabilera politiko eta partidistarik egiterik, are gehiago, herritarren parte-hartzearen izenean.

2- Diru publikoa jasotzen duten aldizkari pribatuen erabilera partidistak ez ditugu onartuko.

3- Politika parte-hartzaileak apaletik eta umiltasunetik beti izango dute arrakasta gehiago.