EAJk eta PSEk atzera bota dituzte EH Bilduk Udal Aurrekontuetan egindako zuzenketa guztiak

P10000152017ko Udal Aurrekontuak inbertsio ugari jasotzen ditu eta horietako askorekin bat dator EH Bildu, baina EAJk eta PSEk adostutako proiektuaren kontra bozkatu zuen, koalizio soberanistak egindako emendakin bat bera ere onartu ez zutelako.

 

 

EH Bilduk, besteak beste, Arreibiko eraikina ez saltzea eta beroni erabilera soziala ematea proposatu zuen (Udalak 1,8 milioi euro xahutu zituen bere eraikuntzan eta orain 1,2 milioi eurogatik saldu nahi du).

2017ko Udal Aurrekontuetan aurreikusitako inbertsio gehienak positibotzat jotzen ditugula aitortu beharra daukagu. EH Bilduren programan sartzen diren hainbat inbertsio jasotzen ditu proiektuak, besteak beste, udaletxe honetara iritsi ginenetik urtero egin dugun eskakizuna, auzo ezberdinetako bizi baldintzak hobetzea: Bidegorri ezberdinen gauzatzea, saneamendu berria, argiteri berria…

Hori dela eta, egitasmo horiek guztiak tokiko batzordeetara zein osoko-bilkuretara eramaten direnean baiezko botoa emango duela iragarri nahi du EH Bilduk.

Alabaina, iaz gertatu zen moduan, Arreibiko eraikinaren salmenta diru-sarreren aurrekontuan sartzen da. Eta iaz bezala, aurten ere, horixe izan da bidean topatu dugun oztoporik handiena. Gai honen harira gogoeta egitean ondoko galdera egin behar diogu gure buruari: Udalaren eraikin hori saldu edo eraikinari Udalak kudeatuko duen erabilera eman? Hor dago gakoa. Eta EH Bildu herriaren ondasunak saltzearen kontra dago.

Aurrekontuei buruzko negoziazioak adeitsuak izan dira, baina agerian geratu dira Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) eta EH Bilduren arteko ezberdintasunak. Koalizio soberanistaren proposamenak udal-hauteskundeetan aurkeztutako programan oinarrituta egon ziren, eta gure oposizio-erantzule lanari jarraituz, emendakinak aurkeztu genituen, baina ezezkoa jaso genuen Ogasun Sailean.

EH Bilduk ondoko zuzenketak proposatu zituen:

– Hautazko postuen eta liberatuen soldatak % 20 murriztea eta diru hori auzoetako argiteriara bideratzea.

 – Plenoetan eta batzordeetan parte hartzeagatik alderdi politikoei dagozkien ordainsariak % 20 murriztea.

– Arreibiko eraikina ez saltzea.

Hiru zuzenketak atzera bota zituzten EAJk eta PSEk. Lehen bietan ohiko jarrera erakutsi zuten jeltzaleek eta sozialistek, hau da, bosgarren urtez jarraian uko egin diote soldatak eta ordainsariak murrizteari.  Hirugarren kasuan, Arreibiko eraikina saltzeko borondatea berretsi dute eta arazo handi baten aurrean egongo gara.

Arreibi3

Arreibiko eraikina.

Publikoki behin baino gehiagotan adierazi dugun legez, ez dugu uste egokia denik udaletxeak ondarea saltzea horretarako beharrizanik ez dagoenean. Areago, jakinda eraikin horretan 1,8 milioi euro gastatu zituela Amorebieta-Etxanoko Udalak eta orain 1,2 milioi eurogatik saldu nahi duenean; hanka-sartzea larri bat izango litzateke hori, kudeaketa negargarri baten ondorioz egindakoa.

 

Hortaz, Udalak Arreibiko eraikina saltzen badu, zornotzarrok 600.000 euro galduko ditugu. Negozio txarra; udaletxea ez da dirutza irabazteko erakundea, baina ezta gauzak gaizki kudeatzeko ere.

Publikoki sarritan adierazi dugun moduan, Arreibiko eraikinari erabilera ugari eman ahal zaizkio:

 – Enpresen hazitegi bat. Herrian autoenplegua bultzatzeko baldintza egokiak dituen eraikin bat da, bulegoetara bideratu zena.

– Etxebizitzak egin behar badira eta eraikinaren erreforma (derrigorrezkoa) aurrera eramaten bada: Alokairu sozialerako etxebizitzak egin daitezke bertan; baita adinez nagusiak edo elbarritasunak dituzten pertsonen komunitateak ere, azpiegitura batzuk partekatuz, baina gero bere autonahikotasuna bermatuko duen etxebizitza propioak izanez. Honen harira adibide on asko daude beste herri batzuetan.

Tamalez, eta arestian esan bezala, EH Bilduren emendakin guztiei ezezkoa eman zieten EAJk eta PSEk eta, ondorioz, koalizio soberanistak 2017ko Udal Aurrekontu proiektuaren kontra bozkatu zuen abenduko osoko bilkuran.

Gauzak horrela, EH Bilduk ondokoa adierazi nahi du: Aurrekontuetan jasotako inbertsio guztiak dagozkien batzordeetan eztabaidatzen direnean, gure programarekin bat datozen inbertsio guztiak babestuko ditugula, guztien alde bozkatuko dugula. Ildo berean, Arreibiko eraikinaren salmentaren kontra egingo dugu, beronen erabilera soziala bermatzen ez den bitartean.