EAJk interes elektoralistengatik eraman du pintaden gaia Amorebieta-Etxanoko Udalera

Sabin Etxetik jasotako aginduari jarraituz, EAJk alderdi politiko ezberdinen egoitzetan egindako pintaden inguruko adierazpena aurkeztu du, Amorebieta-Etxanon horrelakorik gertatu ez den arren.

Ekainaren 19an Amorebieta-Etxanoko udaletxean egindako Bozeramaileen Batzordean, duela zenbait aste alderdi politiko ezberdinen egoitzetan egindako pintadei buruzko adierazpena aurkeztu zuen EAJk.

Azpimarratzekoa da Amorebieta-Etxanon ez dela horrelako gertakaririk izan, baina, hala ere, EAJk adierazpena aurkeztu zuen eta PSEk eta Elkarrekin Amorebietak atzetik jarraitu diote, ekimena babestuz.

EH Bilduk salatu nahi du EAJ udalbatzaren erabilera elektoralista eta alderdikoia egiten ari dela. Zornotzarren arazoei irtenbidea bilatzeko proposamenak egin beharrean, EAJk helburu elektoralistak eta alderdikoiak dauzkaten eztabaidak ekartzen ditu herriko udalbatzara Sabin Etxetik jasotzen dituen aginduak betez.

Azpimarratu nahi dugu EH Bilduk aspaldi utzi zuela argi zein den bere jarrera alderdien egoitzetan egindako pintaden harira. EH Bilduk ere salatu zituen pintada horiek, publikoki eta behin baino gehiagotan.

Eztabaida guztiak izan daitezke zilegi. EAJko kideak nahasitako ustelkeria kasuei buruz –’De Miguel’ auzia, adibidez- ere hitz egin dezakegu. Edo  CIAk 80ko hamarkadan egindako txostenari buruz: GAL taldea Felipe Gonzalez (PSOE) Espainiako Gobernuko presidente ohiak sortu zuela ebatzi zuten.

Alabaina, Zornotzako EH Bilduk argi dauka Amorebieta-Etxanoko Udala bezalako instituzio publikoa ez dela eztabaida elektoralistak egiteko lekua.