EAJren errotonda

Juanjo LegorburuPolitikagintzan, ezberdinen arteko adostasuna, pragmatikoa izateaz gain, osasungarria ere bada egitekoa aurrera atera ahal izateko, baina egin behar dan horrek egiturak ukitzea dakarrenean, hots: Estatu egiturak aldatzea bestelako zera bat egituratzeko, orduan komeriak hasten dira… Eta amaiera zein izango den asmatzea ez da izaten horren zaila.

EAJk eta PSEk egin berri duten Gobernu akordioaren egiteko bat  Estatus Politikoa berritzean datza, baina nago egiteko horrek gutxi duela burujabetzaren esparruan urrats bat egitearekin. Kontua ez da borondatearen kokatze soil bat, politikoa baizik, egiturazkoa alegia… Eta puntu honek sakontze bat eskatzen du, errotik aldatze bat. Engainuan sartuko ginateke pentsatuz PSE horrelako zerbait egiteko gai eta gogoz dagoela bere oinarri eta egituretan Estatu alderdi politiko bat denean.

Beraz arazoa ez da gauza tekniko batean egikaritu behar politikoan baizik. Eta honetan uste dut akordioa adostu duten alderdi bakoitzak printzipio eta pentsamendu zeharo ezberdinetan jesarrita daudela. PSErentzat, aldaketa berri oro Konstituzioak lerratzen duen lege barruan beharko litzateke egin eta horretan ez luke arazorik nahiz mugagabeko errepidean aritu behar. Baina horiek ez lirateke egiturazko aldaketak, etxe barruko solairukoak baizik.

Guztion arteko adostasuna ezinezkoa da “haustura-erreforma” dikotomiaren talka argi baten aurrean baikaude. Nor baino nor bidaiatze kontu batean murgilduta, bidegurutze batean ibilbide ezberdinak hautatze batean, ardatz berri bat behar dugunean egiturak diseinatze aldera.

Estatus berri bat ontzat eman daiteke gizabanako bakoitzaren ongizatea hobetze aldera,  baina ez da inoiz akuilu izango burujabetzaren printzipioa indartu eta garatzeko. Azken honetarako ezinbestekoa da Estatuarekin talkan sartzea eta ez  EAJ, bere historian zehar dabilen bezala, errotondari itzulika ibiltzea.