Egonean, ezinegona! (13/13 sententziaren zain)

Egonean doakigu denbora. Egonean begiratzen diogu bizitzaren emariari. Eta, esango nuke, egonean egotea dela munduan egoteko modu bat.

Pertsona batek sententziaren zama bizkar gainean senti dezakeenean egonean ematen du denbora. Bere baitara murgiltzen da, barruko elkarrizketa baita garrantziadun, gero hurbilean datorkiona hezurmamituz joateko.

Egonean egon, gehiago barik, egunerokoari memoriak dakargun so lasaia eskainiz edo barruko erraietan dabilgun borborrari entzunez, gehiago barik… Akaso, egonean ihes egiten digu bizitzak, baina egonak damaigu lurrari lotuta egoteko lokarri sendo bat, eta berorri atxikita eskaintzen diogu begirada, hodeiertzean marrazten goazen gero hurbilari.

Egonean sumatzen dugu bizitzaren borborra modu atseginean diharduenean. Ezerk aldatuko ez balu egunsentiaren bizitasuna, ezta ilunabar gorrizkaren ederra. Baina egote kontziente horrek ere, izan badu, bere ezinegona.

Bizinahia transmititu dezakete begiek, ilusioaren printzak dir-dir pausatzen direnean amets egiteko denboran, batez ere amesgaiztoa ezabatzen doanean oroitzapenen azken zirrikitutik, behingoz etsaiaren itzala gainetik kentzea lortzen denean.

Baina, egonean ere, ezinegonak bere tempus-a ager dezake eguneko argi goiztiarra lausotzeraino galderek interpelatzen digutenean: Zer gertatuko da bizitzaren akordeek blaitutako melodia isiltze bidea hartzen badute? Eta zer gertatuko, gauero semetxoen lo lasaiaren arnasa entzutea debekatuta izango dudanean?

Egonean, ezinegonak atrapatuta nauka, ez baitakit orain hurbil honek eskaini dezakedana eta gaueko ordu txikietan braustakoan esnatzen naiz lokamuts handi batean izerdi patsetan. Eta horrelakoetan denbora geldo doa, dena isilik dago, baina egote hutsak izua damait… ez baitut argi ikusten gero hurbila.

Egonean ateratzen naiz kalera. Batzuetan oinak astun sentitzen ditut ibiltzeko premiarik ez balute bezala, eta oroitzen dut noiz edo noiz oin-puntetan aise ibiltzen nintzela gero hurbilaren atzetik, egote hutsak plazer sentiarazten zidalako; bestetzutan, jende ezaguna gerturatzen zait zer edo zer galdetzeko eta ez dut askotan jakiten zer erantzun amesgaiztoak berriro atrapa ez nazan… eta egonean segitzen dut txangoa udazken lizuneko ederrari begirada eskainiz.

Baina berehala ezabatzen zait irribarra udaletxearen paretik igarotzerakoan. Eta kontzientzia berriro galdera interpelatzera dator: Giza eskubideen borrokan hain prestutasuna darakusten hauek, ez al dute eremu berberean sartzen tortura edota tratu txarrak? Ez al dira herritarrak torturen mehatxupean atxilotuta daroazten horiek? Ez al da bidezko mozio arrunt bat plazaratzea bortxaz atxilotutakoei babesa emanez eta eskuan dagoena egingo dela gau ilunean gertatutakoa argituz?

Egonaren ezinegonean sentitzen dut sententziaren zama. Eta horrelakoetan taupadak azkartzen zaizkit. Ez dakit guztiz libre aterako naizen, baina badakit bata zein bestea izan aske izango naizela; hemen segitu edo beste norabait eroan, indarrez eutsiko diodala geure izanaren enborra sustrai luzez hornituz.

Akaso, dena urtaroetan neurtu beharko nuke eta ezinegona neguko loaldian murgildu, udaberrian semetxoen barrezkak ozen entzuteko.

Uda betean gau magikoek dakarguten desiran blaituko nituzke, garenaren ondorioa zer-nolako esku laztanek zizelkatu duten oroitzeko. Udagoienak ez du behar hizkirik melodia akordeak josteko, nahikoa baita hostoen dantza, lurrean pausaleku hartu aintzin, sumatzeko babesa, indarra eta maitasuna bertan dudala eta egonean segituz begiratuko diodala gero hurbil disdiratsuari.