EH Bildu: “Anbulatorio berria behar dugu, baina batez ere kalitatezko zerbitzua eskaintzea”

anbulatorioa-obrakKoalizioaren esanetan, nabarmena da Zornotzak anbulatorio handiagoa behar duela, baina garrantzitsuena “zerbitzu gehiago” eskaintzea eta zerbitzu horiek “kalitatezkoak” izatean dela azpimarratu du. Horrenbestez, anbulatorio berriak izango dituen zerbitzuak obrak amaitu aurretik argitzea eskatu du.

EH Bilduk behin baino gehiagotan esan du egungo anbulatorioak ez dituela zornotzarren “oinarrizko beharrizanak” asetzen, “zerbitzu murritzak dituelako”.

Ildo horretan, gogora ekarri dute 2013an oraindik Ginekologia bezalako oinarrizko zerbitzu bat “bermatuta” ez zegoela, baina “herritarren mobilizazioei esker” epe laburrean berrezartzea lortu zutela.

Nolanahi ere, koalizio soberanistak kezka agertu du, aipatutako kasua salbuespena ez delako. “Osasun zerbitzuan murrizketa ugari egin dituzte azken urteotan, gure herrian zein orokorrean”, azaldu dute.

EH Bilduk azpimarratu du ez duela soilik anbulatorio berri bat nahi, “zerbitzu gehiago nahi ditugu eta horretarako anbulatorio handiagoa behar dugu”, erantsi dute.

“Gernikako osasun zentroarekin gertatu dena hemen errepikatzea ez dugu nahi. Gernikarrak ohiko kasuetarako Usansolora edo beste zentro batzuetara joan behar dira. Obra hasieran eta inaugurazioan argazki bana aterata ez dira herritarren beharrizanen arazoa konpontzen. Amorebieta-Etxanok kalitatezko zerbitzuak eskainiko dituen anbulatorioa behar du”, azaldu dute.

Gauzak horrela, anbulatorio berria eraikitzeko lanak bukatu aurretik, zentro horrek eskainiko dituen zerbitzuak zeintzuk izango diren argitzea exijitu du EH Bilduk. “Hori egin ezean, hormigoizko beste obra baten aurrean egongo ginateke berriro ere, eta horrek ez du zornotzarren ongizatea bermatuko, agian gutxi batzuen onurarako izango da, baina ez zornotzar guztien onurarako”, nabarmendu dute.