EH Bildu Zornotzako ostalariekin egon da eta haien kezkak eta eskariak Udal Gobernuari helarazi dizkio

Koronabirusaren pandemia gelditzeko asmoz eta Eusko Jaurlaritzaren aginduz, joan den azaroaren 7tik tabernak eta jatetxeak itxita daude, eta horrek ostalaritzaren sektorea kinka larrian jarri du. 

EH Bilduko zinegotziak Amorebieta-Etxanoko ostalariekin bildu gara banan-banan, sektoreari laguntzeko koalizio soberanistak Legebiltzarrean egin zuen proposamenaren berri emateko eta haien kezkak, eskariak eta ekarpenak jasotzeko.

Ostalari ia guztiak bat datoz egoeraren azterketa egiterakoan: zergen ordainketari nola aurre egin da haien kezka nagusia eta terrazak jartzea ikusten dute izan daitekeela irtenbidea.

COVID-19arek kutsatzeak batez ere leku itxietan ematen direla kontuan hartuta, uste dugu pandemiak irauten duen bitartean terrazak izango direla ostalaritzaren bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetzeko aukera bakarra, betiere osasun publikoa arriskuan ez jartzeko beharrezkoak diren segurtasun neurriak hartuta, noski.

Gauzak horrela, EH Bilduk herriko ostalarien kezkak Udal Bozeramaileen Batzordera eta Hirigintzako Informazio Batzordera eraman ditu. Udal Gobernua prest agertu da terrazen erabilerari buruzko ordenantza berri bat egiteko, eragile ezberdinekin prozesu parte-hartzaile bat egin ostean eta ekimenak babesa zabala lortzen badu behintzat.

Balizko araudi berri hori egiteko, baina, hilabete luzeak beharko dira eta tabernariek urgentziazko laguntzak behar dituzte, negozioak itxita diru-sarrerarik gabe geratu direlako.

Horregatik, EH Bilduko ordezkariok azpimarratu dugu prest gaudela talde politiko guztiak eta arlo ezberdinetako teknikariak (juridikoak, ekonomikoak…) egongo diren mahai batean elkarlanean aritzeko, ostalaritzaren sektorea salbatzeko premiazkoak diren erabakiak berehala hartzeko.

Bestalde, azpimarratu nahi dugu pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileak sektore kaltetuei laguntzeko neurriekin batera ezarri behar direla pentsatzen dugula. Horregatik, duela aste batzuk ostalaritzari laguntzeko proposamen bat aurkeztu zuen EH Bilduk Legebiltzarrean, baina EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten.