EH Bilduk 6 zinegotzi izango ditu Amorebieta-Etxanoko udaletxean

EH Bilduk 2.878 zornotzarren babesa jaso du eta, ondorioz, 6 zinegotzi izango ditu datozen lau urteetan Amorebieta-Etxanoko udaletxean. EAJk 4.037 boto eskuratu eta 8 ordezkari izango ditu; Hiri Ekimenak 1.354 boto lortuta, bi zinegotzi; eta PSEk 820 botorekin, zinegotzi bakarra.

Auzoz auzo, Etxanon EH Bildu gailendu da; Euban eta Boroan, berriz, EAJ. Hona hemen datuak:

Etxano: EH Bilduk 78 boto eskuratu ditu; EAJk, 75; PPk, 7; eta Hiri Ekimenak, 5.

Euba: EAJk 305 boto lortu ditu; EH Bilduk, 149; Hiri Ekimenak, 15; PSEk, 5; eta PPk, 2. Boto zuriak 5 izan dira eta baliogabeak, 2.

Boroa: EAJk 91 boto eskuratu ditu; EH Bilduk, 60; Hiri Ekimenak, 29; PSEk, 5; eta PPk, 1; Boto zuriak 4 izan dira eta baliogabeak, 5.

Urko Lopez: “Ez dago gehiengo absolutorik eta akordioetarako aukerak zabalik daude”

Udal-hauteskundeetako emaitzen gaineko azterketa arin bat eginda, Urko Lopez EH Bilduren alkategaiak azpimarratu du “gehiengo absolutorik ez” dagoela Amorebieta-Etxanoko udaletxean eta, ondorioz, “akordioetara heltzeko aukerak zabalik” daudela.

Ildo horretan, gogora ekarri du ezkertiarrek bederatzi zinegotzi dituztela Zornotzako Udaletxean, Hiri Ekimenari eta PSEri aipu eginez.

Horrez gain, “sei zinegotzik gure proiektuaren alde borrokatzeko gaitasuna eta indarra ematen digute, eta, beraz, herritarren alde lanean jarraituko dugu”, adierazi du.

Amaitzeko, “eskerrak eman nahi dizkiet lagundu gaituzten guzti-guztiei”.