EH Bilduk eskatuta, Udal Gobernuak jai-batzordearekin aztertuko du jaiak bertan behera uzteko aukera

EAJren Udal Gobernua aldebakarrez ari da Amorebieta-Etxanoko jaien inguruko erabakiak hartzen. Jai-batzordea 2019ko abenduan eratu zen, baina harrezkero ez da batzarrik egin. Koronabirusa dela eta, Udal Gobernuak bertan behera utzi nahi ditu jaiak. Proposamen hori jaiak antolatzen dituzten eragileekin eztabaidatu eta adostu behar dela uste dugu. Hori dela eta, jai-batzordea berehala biltzea eskatu dugu. Gobernuak gure eskaera onartu du eta  asteazken honetan bilduko da jai-batzordearekin Karmenak eta auzoetako jaiak suspenditzeko aukeraz eta balizko alternatibez hitz egiteko.

Hilabete batzuk pasa dira jai-batzordea eratu zenetik. Eraketaren helburua Zornotzako kultur eta kirol elkarteei, ordezkarien bitartez, herriko eta auzoetako jaien inguruko erabakietan parte hartzeko aukera ematea izan zen. Ordutik hona hainbat erabaki hartu da aurtengo jaien inguruan, aldiz, jai-batzordea ez da behin ere batu, eta, ondorioz, ez du erabaki horietan parte hartzerik izan.

Zornotzako EH Bilduk aurrez ere egina du, behin baino gehiagotan gainera, jai-batzordearekin gaiaren inguruko bilerak egiteko eskaria. Hala ere, nahiz eta momentuan bertan gure proposamena begi onez ikusi, errealitatea bestelakoa izan da eta jaien inguruan hartzen joan diren erabakiak aldebakarrekoak izan dira.

Bizi dugun ezohiko egoera dela eta, azken asteotan zenbait erabaki hartu behar izan da gaiaren inguruan: jaiekin zer egin, nola egin aurre, egitaraua egoerara nola moldatu, espazioen berrantolaketa nola egin… Beste askoren artean, horiek guztiak izan dira azken aldian sortzen joan izan diren galderak, eta horiei alde bakarretik joan zaie erantzuna ematen.

Izan dugun azken berria, hasieran aipatu bezala, jaiak atzeratzeko proposamena izan da. Esan beharra dago ez dela Udal Gobernuak zuzenean hartu duen erabaki bat, EUDELek proposatutako neurria baita.

Hori guztia argi utzita, eta kontuan izanda ziurgabetasun egoera dela-eta aurrerantzean gaiaren inguruko deliberamendu ugari hartu behar izango dela, jai-batzordearen parte hartzea eskatu dugu Kultura eta Kirola batzordearen bileran. Konbentzituta gaude jai anitzago eta aberasgarriagoak izango direla herriko kultur zein kirol eragileen ekarpenak kontuan izan eta erabakiak guztion artean hartuz gero.

Udal Gobernuak onartu egin du EH Bilduren eskaria eta Amorebieta-Etxanoko jai-batzordea asteazken honetan (maiatzak 27) bilduko da jaiak bertan behera uzteko aukeraz eztabaidatzeko eta eragile ezberdinen iritziak eta proposamenak konpartitzeko.