EH Bilduk gora egin du Amorebieta-Etxanon, 2.574 boto eskuratuta

2016ko hauteskunde orokorrekin alderatuta, ezkerreko koalizio soberanistak 679 boto gehiago lortu ditu Amorebieta-Etxanon. Euskal Herrian, EH Bilduk 258.840 boto jaso ditu. Lau diputatu eta senatari bat izango ditugu Madrilen.

2019ko apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan, EH Bilduk 2.574 boto eskuratu ditu Amorebieta-Etxanon, 2016ko hauteskundeetan baino 679 boto gehiago.

Hego Euskal Herrian, EH Bilduk 258.840 boto jaso ditu -duela hiru urte 186.000 izan ziren-, eta, ondorioz, ordezkaritza bikoiztu dugu. Lau diputatu izango ditugu Espainiako Kongresuan: Oskar Matute, Mertxe Aizpurua, Jon Iñarritu eta Iñaki Ruiz de Pinedo.

Aipatzekoa da Araban EH Bilduk PPri lehia irabazi diola eta Javier Maroto Kongresutik kanpo utzi duela.

Halaber, Nafarroan, EH Bilduk norgehiagoka estua izan du PSNrekin, eta Bel Pozueta bosgarren eserlekua lortzear egon da.

Gorka Elejabarrieta izango da EH Bilduren senataria legegintzaldi berrian.

Estatuan, Orain Errepublikak aliantzak (EH Bildu+ERC+BNG) 1.368.005 boto batu ditu. Hortaz, ERCk eta EH Bilduk 19 diputatuz osatutako talde parlamentarioa izango dute Kongresuan.

Ezkerreko olatu geldiezina sortu dugu euskal herritarren aldarrikapenak Madrilera eramateko. 78ko erregimena garaitzen ari gara. Eskerrik asko babesa eman diguzuenoi. Lanean jarraituko dugu olatua euskal erakundeetara ere iritsi dadin.