EH Bilduk goraka jarraitzen du eta lehen aldiz talde propioa izango du Madrilen

EH Bilduk oso emaitza onak izan ditu azaroaren 10eko hauteskunde orokorretan. Zazpi ordezkari izango ditu Madrilen: bost diputatu, tartean Bel Pozueta, eta bi senatari. Gainera, historian lehen aldiz, ezker independentistak talde propioa izango du Kongresuan.

Hautestontziak ezkerreko boto soberanistekin betetzeko garrantzia azpimarratu du EH Bilduk hauteskunde-kanpainan, eta herritarrek erantzun bikaina eman dute, parte-hartzea txikiagoa izan bada ere. Hemen datu batzuk:

Bost diputatu eta talde propioa izango ditugu Kongresuan: Oskar Matute, Mertxe Aizpurua, Jon Iñarritu, Iñaki Ruiz de Pinedo eta Bel Pozueta.

Bi senatari izango ditugu: Idurre Bideguren eta Gorka Elejabarrieta.

– Araban berriro utzi dugu PP eserlekurik gabe.

– Bigarren aukera aprobetxatu dugu, eta, oraingoan bai, Bel Pozueta izango da Nafarroaren ahotsa Madrilen.

– Hego Euskal Herrian gora egin duen indar politiko handi bakarra gara.

– Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan ordezkaritza lortu duen indar abertzale bakarra gara.

– Estatuko gainerako alderdi soberanistekin batera ezarritako erronka bete dugu: 2 milioi boto baino gehiago lortu ditugu eta 29 diputatu soberanista izango gara Kongresuan, elkarlanean, gure herrien askatasunaren eta pertsona guztien eskubide sozialen alde.

Bestalde, Amorebieta-Etxanon ere gora egin dugu: 2.657 boto eskuratu ditugu, apirilaren 28an baino 83 gehiago. EAJk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk, berriz, behera egin dute herrian.