EH Bilduk jaiak laburtzea eta erdigunean kokatzea proposatu du

EH Bilduk Amorebieta-Etxanoko jaiak aldatzeko proposamen bat egin du. Jaietako egutegia aldatzeko edo txosnak eta eszenatokiak kokatzeko aukera ezberdinak proposatzen ditugu eta beste hainbat puntu ere jorratzen ditugu: jai-batzordearen eta gazteen papera, parte-hartzearen garrantzia, programazioan mantendu beharreko ekintzak…

Ez dokumentu itxi bat. Gainerako udal-taldeen, gizarte eragileen eta herritarren ekarpenak jasotzeko landu den txostena da.

Urtez urte jaiak beheraka doazela nabarmena da eta jaiak aldatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Baina aldaketa horrek adostasun zabala eskatzen du. Ez da nahikoa udal-talde ezberdinen arteko akordio bat. Jaiekin modu batera edo bestera lotuta daude eragile guztien (ostalariak, txosna-batzordea, koadrilen elkartea, jai-batzordea…) eta herritarren iritziak jaso behar dira, jaiak nola aldatu behar diren denon artean erabakitzeko. Gehiengoaren babesa ez badu, balizko aldaketa horrek ez du zentzurik izango.

Beraz, gure proposamenak jaiak aldatzeko eztabaida eraginkorra abiaraztea du helburu, gai konplexua izan daitekeela jakinda. Aldizkari honetan bi gai potolo aipatuko ditugu: egutegia eta guneak. Hamaika orrialdeko dokumentua, berriz, gure webgunean topatuko duzue: www.ehbilduzornotza.eus/dokumentuak/

JAIETAKO EGUTEGIA

Egungo errealitatea kontuan hartuta, Amorebieta-Etxanoko jaiak laburtzearen aldekoak gara eta egutegi berria herri-galdeketa baten bidez aukeratu beharko litzatekela defendatzen dugu. Hainbat azterketa egin ostean, EH Bilduk eztabaidarako bost alternatiba proposatzen ditu:

1- Uztailaren 15ean hasi eta 25ean amaitu.

2- Uztailaren 3. asteko ostiralean hasi eta 4. asteko larunbat-igandean amaitu.

3- Uztailaren 3. asteko larunbat eguerdian hasi eta 4. asteko igandean amaitu.

4- Egungo egutegia mantentzea (15-27), baina jaiegunak markatuta eta egun osoko egitarauak jaiegun horietarako soilik programatuta. Jaiegunak: 15-16-asteburua-25-26-27.

5- Uztaileko hirugarren astea + Santanatxu (27).

GUNE NAGUSIAK

Herriko jaiak izanda, erdigunean jaietan gaudela nabaritu behar dela uste dugu. Beraz, gune nagusiak ondoko tokietan kokatzea proposatzen dugu:

1- ZELAIETA PARKEA: Txosna-gunea, eszenatokia eta komunak. Gudari kalea itxita: Billikenetik hasi eta garaje sarreraraino.

2- ZUBIONDO PLAZA: Txosna-gunea, eszenatokia eta komunak.

3- HERRIKO PLAZA: Eszenatokia eta harmailak. San Miguel kalea itxita: justu udaletxe parea.

Gune nagusiez gain, beste gune batzuk egon behar direla uste dugu. ‘Azpi-gune’ horietako batzuk ondoko lekuak izango lirateke: Ogenbarrena, Luis Urrengoetxea eta Gernika Plaza (eta inguruak).