EH Bilduk oposizio arduratsua eta irmoa egingo du Amorebieta-Etxanoko udaletxean

Maiatzaren 26ko hauteskundeen ondotik, EH Bilduk bilerak egin ditu Amorebieta-Etxanoko udal talde politiko guztiekin (Elkarrekin Podemos, PSE-EE eta EAJ) datorren legealdian gure jarrera eta jarduna zein izango den aurrez aurre esateko.

Aurreko legegintzaldian bezala, aurrerantzean ere oposizio arduratsua eta irmoa egingo dugu EH Bilduko ordezkariok. Hortaz, batzordeetan eta osoko bilkuretan aurkezten diren egitasmoak onartzeko edo atzera botatzeko arrazoi objektiboetan oinarrituko gara.

Beti egin dugun moduan, mahai gainean jartzen diren neurriak zornotzar guztien onerako izango badira, babestu egingo ditugu. Alabaina, planteatuko diren proiektuak interes alderdikoien araberakoak badira edo behar bezala justifikatuta ez badaude, kontra agertuko gara eta publikoki salatuko ditugu.

EAJk gehiengo absolutua izan arren, guk duela zortzi urte hasitako bideari eutsiko diogu eta hauteskunde kanpainan aurkeztu genuen herri-programa defendatuko dugu legealdi berrian.

Beraz, guk gure ideiak eta proposamenak eramango ditugu batzordeetara eta osoko bilkuretara, eta gainerako taldeak argudio sendoekin konbentzitzen saiatuko gara. Amorebieta-Etxano hobea lortzeko zer eta nola egin behar den jakin badakigulako.

Halaber, Udalak datozen lau urteetan abian jarriko dituen planak eta egitasmoak zornotzar guztien beharrizanak kontutan hartuta abiaraziko dituela bermatzeko lan egingo dugu.

Bestalde, herriko gizarte mugimenduekin (feministak, gazteak, pentsiodunak…) eta elkarteekin (auzoak, dendariak…) elkarlanean aritzeko konpromisoari eusten diogu.