EH Bilduko ordezkariek zinegotzi kargua hartu dute Amorebieta-Etxanoko Udalean

2019ko ekainaren 15ean osatu zen Amorebieta-Etxanoko Udala, talde ezberdinetako ordezkarien eta alkatearen kargu-hartzearekin. Udal hauteskundeetan 3.216 boto eskuratuta, EH Bilduk sei zinegotzi izango ditu legealdi berrian: Ander Uriarte, Itxaso Gerediaga, Iñaki Iza, Bego Atxa, Leyre Ugarte eta Gaizka Esparza.

Urko Lopezek, Xabi Irakulisek eta Izaskun Oiangurenek amaitutzat eman dute beren ibilbide instituzionala. Urko eta Xabi zortzi urtez aritu dira udalgintzan; eta Izaskun, lau urtez. Iñakik, Begok eta Gaizkak hartu dute orain haiek utzitako tokia.

Anderren, Itxasoren eta Leyreren esperentzia eta gogoa balitatuta; eta Iñakiren, Begoren eta Gaizkaren indarra eta ilusioa aprobetxatuta, umiltasunez, konpromisoarekin eta gogotsu lan egingo dugu.

Aurreko legegintzaldian bezala, aurrerantzean ere oposizio arduratsua eta irmoa egingo dugu EH Bilduko ordezkariok. Hortaz, batzordeetan eta osoko bilkuretan aurkezten diren egitasmoak onartzeko edo atzera botatzeko arrazoi objektiboetan oinarrituko gara.

Beti egin dugun moduan, mahai gainean jartzen diren neurriak zornotzar guztien onerako izango badira, babestu egingo ditugu. Alabaina, planteatuko diren proiektuak interes alderdikoien araberakoak badira edo behar bezala justifikatuta ez badaude, kontra agertuko gara eta publikoki salatuko ditugu.

EAJk gehiengo absolutua izan arren, guk duela zortzi urte hasitako bideari eutsiko diogu eta hauteskunde kanpainan aurkeztu genuen herri-programa defendatuko dugu legealdi berrian.

Beraz, guk gure ideiak eta proposamenak eramango ditugu batzordeetara eta osoko bilkuretara, eta gainerako taldeak argudio sendoekin konbentzitzen saiatuko gara. Amorebieta-Etxano hobea lortzeko zer eta nola egin behar den jakin badakigulako.

Halaber, Udalak datozen lau urteetan abian jarriko dituen planak eta egitasmoak zornotzar guztien beharrizanak kontutan hartuta abiaraziko dituela bermatzeko lan egingo dugu.

Bestalde, herriko gizarte mugimenduekin (feministak, gazteak, pentsiodunak…) eta elkarteekin (auzoak, dendariak…) elkarlanean aritzeko konpromisoari eusten diogu.

BIDEOA | EH Bilduko ordezkarien mezua 3.216 zornotzarrei