EH Bilduko zinegotziak herritarrekin biltzen ari dira, Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorra dela eta

Amorebieta-Etxano Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorra (HAPO) tramitatzen ari da, datozen urteotarako udalerri eredua definituko duen tresna eta herritarron egunerokotasunean eragina izango duena.

HAPOa tresna integral bat da, zeinaren bidez epe luzerako definitzen den nola eta zertarako (industriarako, zerbitzuetarako, etxebizitzetarako…) erabiliko den lurzorua.

Plan horren aurrerapena prest dago jada. Otsaila erdialdean aurkeztu zuten eta bi hilabetez egon da ikusgai. Orduz geroztik, EH Bilduko zinegotziak herritarrekin biltzen aritu gara, zalantzak argitzen eta ekarpenak nahiz kexak jasotzen.

Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorraren zirriborroan gabeziak antzeman ditugu eta, ondorioz, udal-talde moduan hainbat ekarpen eta zuzenketa egingo dizkiogu proiektuari.

Aurrerantzean ere herritarrekin biltzen jarraituko dugu, egindakoaren berri emateko eta zornotzarren ekarpenak jasotzeko edota haien kezkak argitzeko. Zornotzako EH Bilduko zinegotziekin harremanetan jartzeko: Far-Farreko bulegoan, asteazkenetan (18:00-20:00); udaletxean, ostiraletan (09:00-11:00); telefonoz (672 108 838), emailez (zornotza.ehbildu@gmail.com) edo sare sozialen bidez (Facebook eta Twitter).