EH Bilduren Zornotzako Mahai Politikoak Ander Uriarte proposatu du udal hauteskundeetan zerrendaburu izateko

Ander Uriarte Pujana.

EH Bilduren Zornotzako Mahai Politikoak Ander Uriarte Pujana proposatu du 2023ko udal hauteskundeetan koalizio soberanistaren zerrendaburua izan dadin Amorebieta-Etxanon.

Barne Hauteskundeetako Batzordeak hala erabakita, hautagaiak aurkezteko epea joan den astelehenean, azaroaren 14an, jarri zen martxan, eta azaroaren 27ra arte egongo da irekita.

Edonola ere, hautagaia nor izango den EH Bilduren oinarri sozialak erabakiko du. Barne-araudiaren arabera, beste hautagairik ez badago, Ander Uriarteren hautagaitza berresteko bozketa telematikoa abenduaren 1etik 3ra bitartean egingo da. Iragarpen ofiziala hurrengo astean izango litzateke, aurrez balizko erreklamazioak egiteko tarte bat utzita.

Hautagai bat baino gehiago badago, berriz, bozketa abenduaren 15etik 17ra bitartean izango litzateke, eta, beraz, prozesua aste batzuk gehiagoz luzatuko litzateke.

Badakizuenez, Ander Uriarte Zornotza Lanbide Heziketa zentroko irakaslea da, eta azken zortzi urteetan zinegotzi lanetan aritu da Amorebieta-Etxanoko udalean. Udaletxeko ardurak ondo ezagutzen ditu eta esperientzia handia dauka horretan.

Halaber, kaleko lana zer den inork baino hobeto daki: pandemia garaian, adibidez, herriko dendariekin eta ostalariekin egon zen haien kezkak eta beharrizanak bertatik bertara ezagutzeko; eta oraintsu, auzoz auzo eta dendaz denda ibili da, Hiria Antolatzeko Plan Orokorrak datozen urteetan Zornotzan eta zornotzarron egunerokoan izango duen eraginaz ohartarazteko.

Zornotza hobea eraikitzeko ezinbestekoa da Udaletxean egotea, baina baita kalean ere, herritarren ondoan, haien kezkak eta arazoak entzuteko, eta proiektu eta plan estrategikoak haien iritziak eta beharrizanak kontuan hartuta gauzatzeko.

Horretarako Ander Uriarte pertsonarik egokiena dela uste dugu, eta horregatik proposatu dugu udal hauteskundeetan EH Bilduren zerrendaburua izan dadin. Konfiantza osoa dugu berarengan.

EH Bilduren Mahai Politikoa Zornotzan