Elikadura-burujabetzarako gida-liburua argitaratu dute

?????????????Zer da elikadura-burujabetza?  Posible al da egungo gizarte-sisteman elikadura burujaberako politikak indarrean jartzea? Zeintzuk dira elikaduraren esparruan bizimodu-eredua aldatzeko eman beharreko urratsak? Galdera horiek eta beste asko erantzuten ditu ‘Euskal Herrirako Bestelako Bizitza-ereduak Lortzeko Burujabetza Ereiten’ izeneko liburuak.

Liburua Bizilurrek (Lankidetzarako eta Herrien Garapenerako erakundea), Etxaldek (nekazaritza iraunkorraren aldeko baserritarren mugimendua) eta EHNE-Bizkaia (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna) sindikatuak argitaratu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta helburua argia da: elikadura-burujabetza aldarrikapen hutsa izatetik errealitate bilakatzeko benetako urratsak ematen hastea.

Horrenbestez, aipatu liburua gida bat, tresna bat dela esan daiteke. Gogoetarako eta ekintza politikorako lanabesa da. Euskal Herriko udalei zuzenduta dago, bereziki, eta politika publikoetan eragiteko eta erabakitzeko ahalmena duten eragile publiko eta sozial guztientzat, oro har.

“Beraz, alderdien programa politiko bat baino urrunago doan gogoetarako eta ekintza politikorako tresna izan du dokumentu honek”, azpimarratu dute egileek.

Elikagaien krisia, krisi soziala, krisi klimatikoa… Mundua sakoneko krisialdi batean murgilduta dagoela eta orain arte gizarteen oinarri izan diren balioak (kapitalismoa eta demokrazia formala) kolokan daudela abiapuntutzat hartuta, egungo egoeraren inguruko analisia egiten dute, jarraian hutsune horiek gainditzeko proposamenak luzatzeko.

“Krisialdi hau aukera bat da gure lurraldean proposamen eraldatzaileak, bideragarriak eta errealak egiteko”, iritzi diote. Horrenbestez, liburuaren lehendabiziko ataletan elikadura-burujabetzari lotutako printzipio nagusiei buruzko xehetasunak biltzen dira. Bigarren zatian, berriz, elikadura-burujabetzarako bideak lantzeagatik Euskal Herrian erreferente diren sei esperientzia kontatzen dira: Aramaio, Urduña, Zeberio, Urola Garaia eta Sakanako esperientziak, hain zuzen ere.

Aipatu adibideekin agerian utzi nahi dute elikadura-burujabetza posible dela eta, borondate politikoa izanez gero, praktikan jar daitekeen alternatiba jasangarri erreala dela.