Emakumeen Etxea irekita, feminismoa erdigunera

2019ko martxoaren 8ko greba feminista. Argazkia: Zornotzako Talde Feminista

Berdintasun politikak lantzetik politika feministak lantzera igaroko gara. Emakumeen Etxea irekiko dugu, emakumeok emakumeontzat egindako eremua. Zornotzako “gune beltzen” mapa egingo dugu. Hau guztia Mugimendu Feministarekin elkarlanean gauzatuko dugu.

Herriko emakumeok gune bat behar dugu, gure nahiek, beharrek, borrokek, proposamenek, eta azken finean, gure sareek leku egokia izan dezaten. Emakumeen gune horretan emakumeok erabakiko dugu nola eraiki, nola lan egin eta zer esan, hau da, gune hau emakumeok eraikia, kudeatua eta antolatua izango da.  Segurtasun gunea, aldarrikapen gunea, lan gunea: Emakumeen Etxea.

Politika publikoak eraldatu nahi ditugu eta berdintasun politiketatik feminismo politiketara igaro, bere izaera transbertsala kontuan hartuta. Departamentu bakoitzean koordinazio-guneak aktibatuko ditugu maila teknikoan eta politikoan, jasangarritasunez, formakuntzaz eta behar adinako baliabidez hornituz.

Horrez gain, parte hartzeko guneak edota mekanismo lotesleak jarriko ditugu politika feministak eta Feminismo eta LGTBI Herri Plana sortzeko. Hau guztia mugimendu feministarekin eta emakumeekin elkarlanean landuko dugu.

Bestalde, denontzako Amorebieta-Etxano aske eta segurua eraiki nahi dugu. Horretarako “gune beltzen” mapa egingo dugu.

Halaber, autonomia ekonomikorik ez duten emakumeei zuzendutako ekintza positiboak aktibatu nahi ditugu zerbitzu publikoak erabili ahal izateko. Horiek guztiak eta beste martxan jartzeko ezinbestekoa deritzogu Emakumeen Etxea sortzea.