Enborreko gakoa

Udazkeneko arrastiri gorrietan oroitzapenak bazka hartzen dute iragan hurbileko ezpondetan eta, elikatu ondoren, hegan hasten dira bidai labur bezain beharrezkoa egiteko. Gogoan dut, ia lau hamarkada bete direnean, nola aterpetu ginen Sabin Euba eta biok, gure mendi maitatuak zeharkatu ondoren, mugaz bestaldean ezkutatzeko. Garai intentsoak ziren haiek, dana ala ezer ez, ondo baino hobeto betetzen zituztenak. Gure egitasmo politikoa oraindik indarrean zegoen Erregimenarekin hausturarena zen; bestetzuk, hautu bezala Erreformarena hartu zuten.

Geroztik euriak ezponda hainbat ureztatu ditu, halere ez dirudi oraindik lur emankorrean ereiteko gai garenik, enborrezko gakoa argitzeke baitago.

Lau hamarkada luze bete dira Erkidegoan Autonomia Estatutuak bere ibilbidea hasi zuenetik. Sinatu zutenentzat lur emankorrean ereindako hazia izango da. Egindakoak eginda, eta betegabekoak betetzeke, baina beti ere egindakoa aurrerapauso. Beste askok pentsatzen dugu momentu hartan aukera bat galdu zela Herri gisa antolatzen hasteko, baina horretarako hordagoa jo behar zen eta, jo ondoren jotakoa, defendatzeko prest egon ondorioak zirenak zirela.

Lau hamarkada bete ondoren, antzeko bidegurutzean aurkitzen gara Estatus Berriko Estatutua egikaritze aldera. Lehenik eta behin esango nuke posizio politikoak berdinean dirautela. Negoziazio mahai batek, neurri batean bederen, amore ematea eskatzen du, alde guztien amore ematea, desberdinen arteko desadostasunak arintze aldera. Baina enborreko gai politikoetan, Estatua, egun indarrean dagoen Estatua, beti garaile.

Hitz batean: zapaltzailearen menpe gauden bitartean, nekez erabakiko dugu ezer. Estatua defendatzen duten alderdiek betoa dute ikur, betoa lege eta, horrela, eguneroko politikagintzara ekarriz, eurek dira inor baino demokratagoak. Euren legedia errespetatuz izan daiteke soilik demokrata… hitz batean, eurek daukate demokrata izateko zigilua eta ez beste inork.

Gauzak horrela, negoziazioa edo inposizioa da? Aldebikotasunaren eskemak ez du balio, autodeterminazio eskubiderik onartzen ez dutelako. Urte bete luzez egon dira legegileen expertoak Estatutu berriaz eztabaidatzen, ekarpenak egiten eta hausnartzen… eta gauzak bere horretan diraute. Nork eman behar du amore? Gaiak jorratzeko aldebikotasuna kontutan hartuz, adostasun batera iritsi gaitezke legea eta legea ez besterik betetzea exijitzen digun horrekin? Geure izaera politikoa onartzen ez duen horrekin eseri egin behar, zer eztabaidatzeko?

Oker gaude parametro horietan aurrera egingo dugula pentsatzen badugu. Ados, bide guztiak aztertu behar dira eta ahal den neurrian desberdin pentsatzen duen hori erakarri, baina ez dut uste afektibitatearen gabezia bat denik. Aliantzak handitzea, zabaltzea, ondo dago, denok izango genuke gustuko. Baina hori ez da arazoa.

Aste honetan norbaiti entzun diot Ibarretxeren plangintzak Madrilerat iristerakoan horma batekin talka egin zuela eta beste behin ezin dela akats berbera errepikatu. Hori horrela, bi aukera besterik ez leudeke: bata, menpeko euren esanetara segitu, nahiz Estatutu Berria urregorriz gorpuztu, edota, biga, horma zulatu zein jauzi egin, goitik zeharkatzeko, geure Estatu Estatutua antolatze- egikaritze aldera.

Berrogei urte igaro ondoren, gako berean itzuli mintzulika gabiltza.

Betoz experto ororen ekarpenak, betoz ikuspuntu anitzak argi apur bat erditze aldera, baina nago gurea Herri identitatearen afera dela eskuartean duguna, akaso gabezia puntu bat zer nahi dugun izan oraindik hezurmamituta ez dugulako. Hala ere sistema autonomiko baten parametroetan kokatzen bada Estatus Berria, ezker independentismoak inolaz ere ezin du sinatu. Autonomismoa oinarrian Estatu propio bat sortu nahi duten kontrakoa da. Edukietan batetik besterako bidea egin daiteke, baina gakoa enborrean dago. Bakoitza gauza bat da, eta bakoitzak bere lurraldea propioa eskatzen du, ez lurralde bakar bat bi izaera politiko desberdinen elkarbizitza sustatzeko.