Eneko Aldana: “Herri Elkargoaren formatuak ez die Ipar Euskal Herriaren beharrei erantzuten, beste maila batera pasa behar gara”

Euskal Elkargoa martxan jarri zenetik lehen urtemuga beteta, ibilbidearen inguruko irakurketa egin digu Ziburun EH Baiko zinegotzia den Eneko Aldanak, ekarri zituen onurak aipatuz, baina baita dituen gabezia eta mugen gainean fokua jarriz. Horrez gain, Macronen presidentziako aurreneko hilabeteak, AHT edota presoen afera ere izan ditugu mintzagai.

 

 

Euskal departamentu baten aldeko aldarrikapena urte luzeetan mahai gainean egon ondoren, 2003. urtean Batera plataformaren eskutik bultzada berri bat eman zitzaion lurralde kolektibitatearen eskakizunari. Iaz Euskal Elkargoaren sorrera eta lehen pausuak ezagutu genituen. Ibilbide luze bateko helmugara helduta, helmuga ibilbide bihurtzeko unea iritsi da?
2013an abiatutako Frantzia mailako lurralde erreformaren ezaugarriak ikusita Batera plataformak eta Ipar Euskal Herriko hautetsien gehiengoa Estatus Bereziko Lurralde Kolektibitate baten alde egitea erabaki genuen.

2017ko irailean Herri Elkargo bat lortu genuen Ipar Euskal Herrirako. Herri elkargoa ez zen EH Baik egin zuen lehen apustua, baina hala eta guztiz Herri Elkargo bat sortzearen alde ezarri ginen. Egitura hau, mugatua baldin bada ere Frantziar iraultzatik (1789) Ipar Euskal Herriari ezagupen instituzional bat emanen baitzion. Lurraldetasunaren integritatea behingoz segurtatuz.

Beraz, hein batean helmuga bat izan da. Baina argi dugu, Herri Elkargoaren formatuak ez diela ere Ipar Euskal Herriaren beharrei erantzunen. Beste maila batera pasa behar gara lehenbailehen.

Elkargoaren abiatzeak eragile politikoen, sozialen eta oro har gizartearen adostasun zabal batean oinarritu da. Garatutako bide honek non kokatzen ditu indar abertzaleek urteetan plazaratutako aldarrikapenak? Badu herri elkargoak margenik hauetan sakontzeko?
Aipatu bezala, Herri Elkargoak lurraldetasuna bermatzen badigu, eskumenen atalean biziki mugatua den egitura bat da. Hala eta guztiz ere, hainbat gaietan, hizkuntza politikan, mugaz gaineko harremanetan eta garapen ekonomikoan konpetentzia batzuk ditu.

Iaz hauteskunde presidentzialak eta legegileak burutu ziren frantziar errepublikan. Alderdi tradizionalen gainbeherak Macronen lehendakaritzaren aroa ekarri du. Aurpegi ezberdina politika berdinak egiteko?
Hori da. Ofentsiba liberal deskonplejatu bat eman da Macronen izendapenarekin. Bere gobernuaren osaketa ikusterik besterik ez dago. Teknokrata liberalez eta bi alderdi tradizionaletako (PS eta LR) sektore liberaletako kide haietaz osatua da.

Macronen lan erreformarekin funtzionario publikoen kopurua nabarmen jaisteko neurria dator. Murrizketa honek eragina izango du lurralde erakunde berriaren hasierako ibilbide honetan?
Esan bezala ofentsiba liberal bat ematen hari da Frantzian. Macronen presidentziaren lehen hilabeteetan uda eta udazkena bitartean lan erreforma liberal bat eraman du. Lan Kodigoa bere sustantziaz hustuz. Azken asteetan ofentsiba horren bigarren frontea ireki du, funtzio publikoaren inguruko erreforma proiektu batekin. Momentuz plazaratutako adierazpenen arabera 160.000 funtzionario kendu nahiko lituzkete agintaldian zehar.
Momentuz ez dakigu nola eraginen duen lurralde erakundeetan. Baina argi da eragin bat egonen dela.

Hego Euskal Herrian ez bezala, mugaz bestaldean AHTren egitasmoa geldiarazita dago. Euskal Elkargotik nola ikusten da proiektu honen etorkizuna? Badago adostasunik herri ordezkarien artean?
Proiektua geldirik dago orain, baina ez da batere abandonatua. AHTren gaia Herri Elkargoaren eskumenetatik kanpo denez, momentuz ez da honen inguruko eztabaidarik eman. Eztabaidak Estatu eta erregio mailan egiten dira bereziki.

Frantziako lurralde erreformaren aurrean, indar abertzaleen bultzadari esker korsikarrek martxan jarri dute lurralde erakunde berria. Euskaldunen eta korsikarren ibilbideak nola eragin diezaioke Pariseko asmo jakobinoei?
Euskaldunon eta korsikarren lorpen bakoitzak edo zein mailakoa izan ere frantses jakobinismoa higatzen dute. Esan behar da, pixka bat urrunago joanez, egoera orokorrari dagokionean, globalizazio neoliberalaren kalteek, izan sozioekonomikoak edo ekologikoek, tokiko aterabideen egituratzearen aldeko ikuspegia indartu dutela. Ikuspegi horrek proiektu abertzalearen logikarekin azkarki konektatzen du.

Burujabetza kontzeptua ulergarriagoa eta egokiagoa bilakatuz jendarte proiektu alternatibo bati begira.

Euskal Elkargoak Nafar Foru Erkidegoko eta Euskal Autonomi Elkarteko instituzioekin lankidetza bultzatzeko aukerarik izan dezake, mugaz haraindiko eskumenak Parisek kudeatzen baditu?
Aukerak badaude, Herri Elkargoak mugaz gaineko harremanen eskumena baitu.

Euskal Elkargoaren zenbait partaidek lanean aritu dira artisauek, errepresaliatuen kolektiboek eta pertsona eta eragile ezberdinek bakegintzan abiatutako ekimen ezberdinetan. Armagabetze prozesua, espetxeetako martxa, Pariseko mobilizazioa…. Duela gutxi frantziar gobernuak euskal presoak gerturatu ditu. Mugimendu hauek guztiek Hego Euskal Herrian eragina izango dutela uste duzu?
Azpimarratu behar da frantses Gobernuaren adierazpenek sortzen duten aurrekaria, lehen aldia baita azken 40 urteetan Frantzia euskal gatazkan eta bereziki presoen gaian ez dela Espainiarekin lerrokatzen. Orain pausu konkretuak itxoin behar dira. Ematen badira, PP eta PNVren posizioak isolatu eta ahulduko dituzte.

Ez dut dudarik eragina ukanen duela Hego Euskal Herrian, gaia bat eta bakarra baita. Zeinetaraino eragina ukanen duen esatea zailagoa egiten zait.

2017ko bilana egin ondoren, zeintzuk dira Elkargoaren erronka nagusiak urte honetarako?
Herri Elkargoaren erronka nagusia hemendik eta 2020ko instituzioa bere gaitasun osoekin martxan egotea izanen da, ahalik eta eraginkorrena izateko. Instituzioa sortu bada ere, barnetik dena antolatzeko dago oraindik.