Eneko Aldana: “Ipar Euskal Herriak existitzen jarraitzeko, ezinbestekoa da hiri elkargo propioa sortzea”

eneko-aldana

Eneko Aldana. Argazkia: ehkz.eus

Eskualde hauteskundeen emaitzak eta Frantziako Gobernuak ezarri duen erregioen mapa politiko berriaren ondorioak aztertu ditugu Eneko Aldana Ziburuko EH Bai koalizioko zinegotziarekin. “Akitania erregioa handituta, Ipar Euskal Herriak inoiz baino zailago izango du bere interesak defendatzea”, ohartarazi du.

 

 

 

 

– Abenduan egin ziren eskualde hauteskundeetan, lehendabiziko itzulian, zentro-eskuinak irabazi zuen; bigarrenean, berriz, Alderdi Sozialista gailendu da. Nola azal daiteke astebetean izandako aldaketa hori?

Bigarren itzulian, Alderdi Sozialistaren garaipenak lau arrazoi nagusi ditu:

1- Lehen itzulian zentro eskuinak (L.Rep.+UDI+Modem) irabazle atera arren, emaitza biziki kaskarrak egin zituen Ipar Euskal Herrirako. Aintzineko bozetan eskuina (UMP) eta zentroa (UDI eta Modem) banandurik aurkeztu ziren eta oraingoan baino bozka gehiago lortu zituzten. Lehen itzulitik batera joanez, alde batetik bozka kopurutan mugatu dituzte, eta bestetik, bigarren itzulirako bozka erreserbarik gabe utzi du eskuin zentroko blokea.

2- Fronte Nazionalak eskuinari bozka kopuru ikaragarri bat kendu dizkio, eta bigarren itzulirako kalifikatuz, eskuin zentroko blokeari eskuin muturrean ukan zezakeen erreserba bozak kendu dizkio.

3- Alderdi Sozialistak, zentro-eskuineko blokea ez bezala, alde batetik emaitza onak egin ditu lehen itzulian, azkeneko bozetako emaitzak hobetuz, eta bestetik, bigarren itzulirako erreserba boz handi bat zuen: ekologistak eta ezker muturrekoak.

4- Lehen itzulian Fronte Nazionalak Frantzian eginiko emaitza ikaragarri onek, Frantziako ezkerreko hauteslegoa aktibatu zuten bigarren itzulirako. Honela, bigarren itzuliko parte-hartze handiagoak ezkerreko blokea eskuinekoa baino gehiago lagundu du.

  Tradizionalki, Baiona eta Ziburu, adibidez, zentro-eskuinekoak dira. Hauteskunde hauetan, baina, sozialistak nagusitu dira. Herri horietan zerbait aldatzen hasi dela esan dezakegu, edo testuinguruak eragindako momentuko aldaketa soil baten aurrean gaude?

Baiona eta Ziburuko herriko etxeetan zentroa eta eskuina egon harren bi herri horiek nahiko aldakorrak izan ohi dira hauteskundeen arabera.

Baionari dagokionean, azken 15 urteetan, hauteslegoa zentrotik ezkerrera mugitzen dela ikusten dugu. Bestalde, ez da ahantzi behar 2014ko herriko bozetan zentro eskuinak 27 bozka gatik irabazi zuela Alderdi Sozialista.

Zibururi dagokionean, aldaketa beste zentzura ematen ari da. Historikoki ezkerreko herri bat izan da. Arrantzaren gainbeherak eta kontserbategien itxierak aldaketa soziologiko bat eragin du, azken 20 urteetan. Langile herri batetik, turismoari dedikatua den klase ertain altuko herri bat bilakatu da. Aldaketa soziologiko honek eragin zuzen bat du bozetan. 2001tik alkate eskuindar bat egon harren, ezkerrak oinarri sendoak mantentzen ditu eta, hauteskundeen arabera, eskuinak edo ezkerrak irabazten du.

Bestalde, azken 2-3 urteetan abertzaleen presentzia indartu egin da, nagusiki ezkerraren kaltetara. Honela azken hauteskunde departamentaletan abertzaleak irabazle atera ziren Ziburun.

– EH Bai koalizioak hauteskunde hauetara ez aurkeztea erabaki zuen eta boto zuria emateko deia egin zuen. Zein izan da jarrera horren balantzea?

EH Bai-k hauteskunde hauetara ez aurkeztearen arrazoi nagusiena, hauteskunde sistemari lotu da. Akitania “berriko” eskualdeak 12 departamendu eta 6 milioi biztanle errepresentatzen ditu. EH Bai 300.000 biztanle pisatzen dituen Ipar Euskal Herri batean aurkezten denez bakarrik, errepresentaziorik ukateko aukerarik gabe gelditzen da, hautesbarrutia departamendua baita. Bestalde, bigarren itzulira kalifikatua izateko %10 egin behar baita eskualde mailan.

Egoera honetan, EH Bai-k bozka txuriaren konsigna eman zuen. Momentuko, EH Bai-k ez du balorazio ofizialik egin. Baina zenbakien arabera esan dezakegu emaitza nahiko kaskarrak eta, aldi berean, biziki ulergarriak direla. Sinpleki esateko, hauteskunde horiek, alde batetik EH Bai-ko oinarri sozialarentzat ez dira garrantzitsuak eta, ondorioz, ez da mobilizatzen. Beste aldetik, bozkatzaileek orokorrean beren bozka baliagarria izatea nahi dute. Txuri bozkatu ordez, beste alderdi bat bozkatuko dute.

mapa-berria

Frantziako Gobernuak ezarritako erregioen mapa politiko berria. Iturria: Gara

 

– Egoera ekonomikoari aurre egiteko (dirua aurrezteko) Frantziako Gobernuak erregioen mapa politiko berria ezarri zuen, 22 erregioetatik 13ra igarota. Ipar Euskal Herria Akitania, Poitou-Charentes eta Limousinek osatutako erregio handian dago. Erregio handiago batean egonda, Ipar Euskal Herriak zailago izango du berea defendatzea, ezta?

Akitaniari beste bi eskualde gehitu zaizkio. Gaur egungo erregioak Austriaren azalera egiten du eta Danimarkako populazioa du. Ipar Euskal Herriak Eskualde horren populazioaren % 5 pisatzen du. Horri gehitu behar zaio Ipar Euskal Herria eskualde handi horren periferian kokatzen dela. Beraz, inoiz baino zailagoa izanen da, Ipar Euskal Herriko interesak eskualdean defenditzea.

– Ipar Euskal Herrirako lurralde elkargo propioa eratzeko bidean, zer eragin izan dezake Akitania handia erregio berrian egoteak eta bertan aginduko duen Gobernu berriak?

Ipar Euskal Herriko hiri elkargoaren eratze bidean Akitania handiko Gobernuak ez du eraginik, baina, eskualde berria biziki handia izanki, hiri elkargoaren beharra agerian uzten du. Ipar Euskal Herria existitu ahal izateko ezinbestekoa dugu Ipar Euskal Herria osatzen duten 158 herriak hiri elkargo bakar batean elkartzea gure interesak defendatu ahal izateko. Hiri elkargo bakar bat egiten balitz, eskualde berriko bigarren hiri elkargo handiena izanen litzateke Bordelekoaren ondotik.