Enrique Denis: “Kolpeak etengabeak ziren, nire hilketa simulatu zuten eta nire neska-laguna bortxatuko zutela esan zidaten”

Enri DenisEnrique Denis Gorroño hiru aldiz atxilotu zuten: 1984ko maiatzean eta azaroan eta 1987ko martxoan. Guztira, 7 egunez egon zen inkomunikatuta. ‘Poltsa’ bezalako tortura metodoak jasan zituen, jan barik eta lo egin barik izan zuten eta mendira eraman zuten: bere hilketa simulatu zuten han. “Leihotik behera botako nindutela eta nire neska-laguna atxilotu eta bortxatu egingo zutela mehatxu egin zidaten”, gogoratzen du.

– Nola izan zen zure atxiloketa?

Hiru aldiz atxilotu ninduten, hiruretan etxean, gaueko 00:00ak eta goizaldeko 03:00ak bitartean. Gogoan dut lehenengo atxiloketa egin zutenean, senide batzuk etxean zeudela, bisitan.

– Atxilotu zintuzten unetik hasita, epailearen aurrera eraman arte igarotzen diren egunetan, zer gertatu zen?

1984ko maiatzean, Guardia Zibilak atxilotu zidan. Etxetik atera bezain laster hasi ziren kolpeak eta mehatxuak. Basurtuko Ospitalera heldu arte ez ziren gelditu. Hasiera batean medikuak osasun azterketa egiteari uko egin zion, baina geroago hala egin zuen, guardia zibilen edo bere buruzagien presioengatik, imajinatzen dut.

Ospitaletik La Salvera eraman ninduten. Kolpeak, mehatxuak eta ‘poltsa’ bezalako tortura metodoak sufritu nituen han. Biharamunean mendira eraman ninduten. Gehiago jipoitu ninduten han eta nire hilketa simulatu zuten.

Kuartelera itzultzean, berriro kolpe eta mehatxu gehiago. Horrela izan zen, etenik gabe, epailearen aurretik igaro aske geratu nintzen arte.

1984ko azaroan, Espainiako Poliziak atxilotu ninduen etxean. Oraingoan ezberdina izan zen, ez nuen tratu txarrik jasan, baina lehendabiziko atxiloalditik sei hilabete baino ez zirenez igaro, beldurtuta eta kezkatuta negoen.

1987ko martxoan, berriro atxilotu ninduen Espainiako Poliziak. Etxean tratua zuzena izan zen, baina Indautxuko komisaldegira heltzean ni kolpatzen eta mehatxatzen hasi ziren.

Galdeketak amaigabeak ziren. Leihotik behera botako nindutela eta nire neska-laguna atxilotu eta nire aurrean bortxatuko zutela mehatxu egiten zidaten. Kasu honetan eta Guardia Zibilak egindako lehen atxiloketan, jan barik eta lo egin barik izan ninduten inkomunikazioak iraun zuen egunetan. Hirugarren atxiloketan soilik eraman ninduten epailearen aurrera.

– Atxiloaldiak kalte fisiko edo psikologikorik eragin dizu?

Ondorio fisikorik ez, baina ondorio psikologikoak denbora luzez izan ditut. Amesgaiztoak eta beldurrak, batez nire familiari zerbait gertatzeko beldurra.

– Nola bizi izan zuten zure atxiloketa zure senide eta lagunek?

Larritasunarekin eta beldurrarekin bizi izan zuten, batez ere familiak.

– Atxilotua, inkomunikatua eta torturatua izan zen. Espetxean sartu zintuzten?

Ez, inoiz ez naiz espetxeratua izan.

– Ze testuingurutan kokatzen duzu zure atxiloketa eta inkomunikazio aldian sufritutako guztia?

80ko hamarkadan errepresioa izugarria zen, oso bortitza. Astero egiten zituzten sarekadak. Ni bezala, beste zornotzar asko izan ziren atxilotuak garai hartan. Pertsona bera hainbat aldiz atxilotzen zuten, urte ezberdinetan, urte berean nahiz hilabete bakarrean, eta kuartelera eramanda torturatu egin zuten. Nik, adibidez, Lemoa, Bilbo edo Santurtziko bizilagunekin kointziditu nuen kalabozoetan.

– Paco Etxeberriak eta bere lantaldeak azken 50 urteotan Euskal Herrian izandako milaka tortura kasu bildu dituzte ikerketa batean. Zer iritzi duzu lan horren harira?

Lan ona iruditzen zait, beharrezkoa, apur bat berandu iritsi bada ere. Tortura existitu dela ez dago behar beste aitortuta. Askok hemen gertatutako guztiaz hitz egin gabe jarraitzen dute, ez dute egia osoa aitortzen, eurei interesatzen zaiena soilik kontatzen dute.

– Iaz, Torturaren Aurpegiak, Berriro Inoiz Ez ekimenaren baitan, Zornotzako hamarnaka bizilagunek torturatuak izan zirela salatu zuten. Alabaina, jakin badakigu torturak pairatu dituzten zornotzarrak askoz gehiago direla, publikoki aitortu ez duten arren. 50 urte luzez sistematikoki erabili dute errepresio metodo anker hori milaka eta milaka euskal herritarren kontra. Zure ustez zer egin beharko litzateke torturarekin amaitzeko eta torturatu gehiagorik izango ez dela bermatzeko? 

Inkomunikazioarekin amaitzea, konfiantzazko abokatu eta mediku baten asistentzia izateko aukera bermatzea eta atxiloaldi guztia, etenik gabe, kameren bidez grabatzea. Baina ondokoa ere adierazi nahiko nuke: hemendik alde egin dezatela, hemen ez ditugulako nahi eta hemen behar ez ditugulako.