Eraso homofobo eta faxisten aurrean erantzuna

Asteburu honetako eraso homofobo eta faxisten aurrean, Zornotzako EH Bilduk honako hau jakinarazi nahi dio herriari:

Lehenik eta behin, azken eraso hauek jasan dutenei eta hauen senideei elkartasuna adierazi nahi diegu. Esan beharra daukagu, herriko plazan herritarrek erasoa salatzeko erakutsitako jarrerarekin ezin harroago sentitzen garela. Erantzun honek gizartean ahulenak diren kolektiboak zentroan jarri ditu eta hori izan da Zornotzako EH Bilduk lehenetsi duena. Ez dugu lehenago komunikaturik atera lehenengo erantzuna herriarena izan behar zelako, eta ez gurea.

Bigarrenik, larunbat honetan, erasoa jaso zuen pertsona defendatu nahi izateagatik, herriko ordezkari politiko bat ere kolpatua izan zen beste zornotzar batzuekin batera, eraso koldar, homofobo eta faxista horretan, erasotzaile askoren artean.

Ez da Zornotzako talde batek herriko beste pertsona eta eragile bati eraso egiten dion lehenengo aldia.

Jarrera eta eraso antidemokratiko, koldar, matxista, homofobo eta faxistek beti izango dute EH Bildu aurrez aurre.

Bukatzeko, Zornotzako herritarrei deia luzatzen diegu eraso hauei aurre egiteko, herri antolaketa eta elkarlana ezinbestekoa da gure kaleetan askatasun osoz bizi ahal izateko.