Eroso bizi VS. Borrokari lotu

Juanjo LegorburuAspalditxo honetan sarri entzun daitekeen leloa da, hots: eroso bizi garela, honek berezkotik ekarriko balu borrokarekiko lotze apaltze bat. Bederen, nago maila orokor batean sinesmen kontuak baino adinari lotutako aitzakiak izan daitezkeela. Maila batean, eroso bizitzearen leloak adinak aurrea hartu digula adieraziko luke, “nintzenaz” oroitzean denbora berriek eskatuko luketen hausnartzeari uko egingo bagenio bezala.

Baina alferrik gaude “garenari” eta “ginenari” begira bagaude, libertate espirituala ardatz eta libertate nazionala norabide, kontzientzia sortzean baitago gakoa. Norberaren bizitza garatzeko bidea izateaz gain, elkarrekin borrokatzeko bide bat ere behar duelako izan.

Modu apal batean esan daiteke sakrifiziotik modu hedonista batera jauzia eman dugula, eta honek eguneroko ihardueran ere badu eragina. Eroso bizitzeak eskura lanabes gehiago izatea du berezkotik, baina gero eginbehar horretan huts egiten dugu? Ekintza norberarengandik hasten da gerora modu global edo kolektibo batean hazteko. Akaso, bakoitzak bere barruari erreparatzeko sasoian gaude, “eroso bizi” garen leloaz hausnartzeko eta zerk lotzen gaituen argitzeko.

Kalea gure eginbeharraren adierazpidea den aldetik “eroso” bizitzeak konpromiso zabalago bat adierazi beharko luke eta ez kontrako “paso” egite bat. Gu geu ez aldatzeak berdin berdin aldatuko du mundua, baina ez guk nahiko genukeen bezala eta horrek esan gura du araua inposatzen segituko dutela. Eta arauak forma dakar, gu geuk nahiko genukeen bezala ez izatea, alegia.

Habiari txoriaren iharduerak forma damaion bezala, gertakizunen aurrean hartzen dugun jarreran dago gakoa, sinesmenak pertsona bakoitzaren oinarrizko izatearen nahitaezkoa baitira. Hau honela izanda, gure seme-alabek beste era batean biziko dute euren eginbeharra, euren militatzeko forma. Lekukoa eurena da, gurea bizi izandakoa egoki transmititzea… eta denonen egin beharra, borrokan segitzea.