Erresistentzia!

Udaberriko euritan ahalduntzen da natura, sortzen da larrosa, eguzkiak pausatzen du orube ororen gainean bere izpi dantza. Udaberrian ere herriek amestu dezakete bere etorkizuna erresistentzian oinarritu daitekeela, memoriaren zizelkatze txikietan ehundu euren esperantza. Natura eta lurra, iruditeria eta sinboloa, sujetoa eta nazioa, finean independentzia eskuratuz Euskal Estatu errepublikarra edukiz hezurmamitzen joatean dago gakoa.

Udaberriko egun batez Lemoatxen gudariek sutsu eta tinko erresistitu zuten faxisten eraso eta oldarraldiei, ilunalditik eguzkia ateratzeraino. Orduan ere bakea ekarri zuten Jainkoaren izenean herri zein hiri bonbardatu zutenak, baina askatasunetik urrun geunden egun ere urrun gauden bezala nahiz demokrazia itxurako sistema baten pean egon. Gerrak gaurrarte du segida oraindik hor baitaude gudariak gatibu, oraindik ere, salbuespeneko tribunal berberak sententziak ezartzen darraitelako. Bihoakie gure besarkadarik estuena eta euren senitartekoei gure maitasunezko keinu konplizeena.

Udaberrian sustraitzen dugu euskara Korrika ekimenaren bitartez. Euriz blaituz joanez, astiro astiro hizkuntzaren marmarra sartuko balitzaigu bezala, goitik behera gorputz osoa busti arte. Nortasuna trinkotu, memoria transmititu, guztiz konkistatu eta menderatu nahi gaituzteen horien erasoetatik erresistitu. Anitza den Euskal Herri hau jende ugarik zeharkatzen du, ekimena geurea eta bakoitzarena eginez baina helburu bakarrarekin: denona den hizkuntza hauspotu eta erabili, egunerokoari bide eman euskarak bere tokia eduki dezan. Hitz batez “erresistentzia”, gurea baino ahaltsuagoak diren beste hizkuntza batzuk eta batez ere beste Estatu zapaltzaileagok geure euskara  udaberria lapurtu ez diezaguten.

Udaberriko egun batez aldarrikatu zen Errepublika, faxistek armen hotsez ebatsi zuten arte. Geroztik erresistentzia berrantolatzen ari gara behin eta berriro. Egonean, pentsamendua bere kabuz bazkatzen ari den horretan, tristezia eta amorrua aldi berean kontrajartzen zaizkit, ez baitut uletzen nolatan ez dugun osatzen oinarri minimo batzuk izango dituen orube errepublikar bat. Horren jaioa den herri hau, edonolako herri ekimenak sortzen eta saretzen, goitik behera hezurmamituko lukeen deus ez gara gai antolatzeko edo okerragoa litzatekeena, hots; ez dugu nahi.

Udaberrian plazaratzen dugu Aberri Eguna. Plazaratu diot, egun folkloretik gehiago baitu erresistentziatik baino. Nekez ulertu daiteke, egungo errealitate politikoa kontutan hartuta eta independentzia helburu estrategikoa bezala dugun alderdiok, ekimen amankomun bat batera ez  jorratzea. Plazara araztea, bisibilizatzea, kakoratzea arropa balitz bezala ondo dago, baina horrekin bakarrik kamustu egiten da, zentzua galduz doa amildegian desagertzeko arriskuarekin. Egungo gazte belaunaldiek  honetaz adi beharko lukete egon, begirale gisara antolatu, otzan dagoen hori hauspotzeko eginbehar hartu.

Udaberria hastear dagoelarik emakumeek ahalduntzea puri purian lortzen dute ipintzea, batez ere sistema patriarkala zulatzea lortu dutelako eta, lortu bitartean, erresistitu dutelako. Adibide ezin politagoa dugu begibistan eta aldi berean ezin eraginkorragoa, bestelako ahalduntze batzuk lausotzen baitoaz…

Etengabeko erresistentzia joera eta jarrera behar du menperatutako herri batek. Bere zoru politikoan erresistentzia, eguneroko lanabes bilakatu. Hala izan da oraintsu arte, hala beharko luke izan hemendik aurrera ere eta hau, bakarrik, gazteek ziurtatu dezakete.