Espainia eta bere maitasuna

Maitasunak milaka forma eta aurpegi dituela entzun izan dut beti. Maitasun keinuak ere anitzak dira, eta aniztasun horren ondorioz, askotan zailak izaten dira identifikatzeko eta interpretatzeko. Beste batzuk, aldiz, maitasunaren aitzakipean defendatzen dituzte beraien interes politikoak.

Azken astean oihartzun handia izan du Angel Hernandez eta Maria Jose Carrascoren kasuak. Carrascok esklerosi anitzarekin zeramatzan urte asko, eta azken urteetan bere buruaz beste egiten saiatu zen, bere senarrak saihestea lortu zuen arren.

Hala ere, Maria Jose Carrascok ez zuen zeraman bizimoduarekin jarraitu nahi, eta senarrarekin maitasun adierazpen gogorrenetako bat  adostu zuen: bere buruaren jabe ez zenean eta hala eskatuz gero, hiltzen laguntzea. Eta bere emaztearen nahia jarraituz, halaxe egin zuen Hernandezek. Madrilek ordea, beste askotan ez bezala, eraso matxistatzat ulertu du kasua.

“Ongizate” estatu honek ezer gutxi du on adjetibotik. Ebidenteena ikusteko itsu ditu legeak, eta ikusezinenetik edozer ikusteko gai da:  Bakegileak, giza eskubideen aldeko borrokalariak eta erabakitze eskubidea aldarrikatzen dituztenak kartzelara, bortxatzailerik nazkagarrienak libre, edozein euskal gazte terrorista, eta XXI.mendeko faxistak politiko bihurtzen ditu.

Eta orain, Angel Hernandez erasotzaile matxista? Ez al da maitasun keinu handienetako bat maite duzun horri heriotza duin bat izaten laguntzea, asmorik onenarekin eginda ere, estatu espainolaren bidegabeko legeetan giltzapetuko zaituztela jakinda? Hori maitasun keinu bat ez bada, nik ez dut estatu espainolak maite duen modura inor maite nahi.