Espezieak eta gu

EstiPanda hartza edo baleak salbatzea guztion erantzukizuna dala inork ez leuke zalantzan jarriko helburua biodibertsitatearen krisiari aurre egitea bada, eta are gehiago gure planeta santu honetatik urtero milaka espezie desagertzen direla jakinda.

Saiak edo putreak hegoak astindu eta herri gainean, zientoka ez, baina multzo handietan bueltaka ikusteak, ordea, bat baino gehiago ikaratu dau gure inguruan. Ikaratu ez ezik, gauzak txarto egiten ei garen susmoa ere badaukie batzuk, ez da eta herri gaineko zerua saientzako lekua, Bizkaiko lurrak otsoarentzat ez diren moduan.

Eta horrek ikaratu nau ni, naturazale, mendizale eta basabizitzaren aldeko kontzientzia daukanaren ahotik entzun baitodaz berbok.

Gainontzeko guztiak baino gehiago garela sinistarazita, aspaldi geureganatu gendun gizakiok ahalguztidunaren makila eta, animalia lurraldekoien antzera, ondo markatu izan dogu lurraldea: geurea eta ezagutzen diran gainontzeko 1.700.000 espezieena. Begien aurrean agertzen joan den edozein lur mutur geuretzat hartu dogula kontuan hartuta, aukera gitxi dauke gainontzekoek. Hala aritu gara, jaun-andre ta jabe, gure lurrak erabili edo bertatik pasatzeko, hari bai eta beste honi ez, “salvoconducto”ak onartzen edo ukatzen, beti be momentuko interesen arabera: gaur hemendik, bihar handik eta etzi inondik.

Milaka urteko jarduna errez bihurtu daiteke ohitura, tradizio edo lege, eta hartara, sakon errotuta dago gure gizartean zenbait espezie eta gure arteko elkar-bizitza ezinezkoa dala; ez behintzat euren senak gure interesen kontra egiten badau, gure senak euren interesak zenbateraino kaltetu dauazan ezelango ardura barik. Bizi, bizi daitezela, baina gugandik urrun. Ezin esan, gainera, txarto joan jakunik, laster izango ei gara eta 8.000 miliotik gora; benetan be espezie arrakastatsua! Eta tradizioak zaintzekoa, espezie bereko zein desberdinekoekaz bardin jotatzen dogu eta!

Horrek guztiak bueltan zer ekarriko dauan ezin asmatu, ordea. Espazioa mugatua da, ezin ukatu, baina ez da arazo bakarra. Gure planeta milioika espeziek osatzen dogun motor ikaragarri konplexua da; modu ulergaitzean elkarri lotuta gagozan piezez osatutakoa. Pieza bakoitzak bere funtzioa dauka eta baten faltak gainontzekoetan zer eragingo leuken antzik hartu ezinik gagoz oraindik.

Saiak eta otsoak gure motor bereko piezak dira eta, ezin esan, eurak barik, danak bardin jarraituko leukenik. Etsai baino lagun ikustera ohitzea, ordea, ez da erraza, tradizioak pisu handia dauka eta. Baina aurrera egin gura badogu, zelan egin asmatzea erraza ez dan arren, eremu bateko pieza guztiak elkarregaz bizitzera ohitu beharko dogu, inor baztertu barik. Galdetu zeure buruari, bestela, motorrean pieza bat, eta bakarra, falta jakon hegazkinean aireratuko zinakeen.