Eta orain, norantz joan beharra dagoen?

juanjo-legorburuZentzu orokor batean indar eta alderdi independentistok berezkoa dugu geure idearioan, helburua lortze aldera, indarrak metatzeaz gain, eraldaketa prozesu batean ere sakondu behar izatea. Azken hauteskundeek utzitako emaitzek behinik behin beste pauso bat eman dela ondorioztatzen dute. Joan bagoaz baina joate horretan urrats orok ez dute izaten norabide argia. Nolanahi ere, Estatuko aparatuek ez daude lo bere egitekoa baita aurrera doan gurpilari balazta ipintzea edota guztiz geldiaraztea.

Izateak sustraia du berezkotik, baina egiteak damaio erroari sendotasuna. Adibide gisa Donostia 2016ko Europar Hiriburu Kulturaleko eginkizuna jarriko dut. Izan ere, indar korrelazioan aldaketa emanda berehala agertu baitira “laguntza” eskaintzak ordurarte dena galgatua zegoenarentzat. Hor agertu da prestutasun osoz Wert Kultura ministro jauna etsai ez dituen bazkide berriei laguntza emateko prest legokeela adieraziz, gisa bertsuan Kutxabank, eta zerrenda luzatu daiteke. Baina laguntzak zeren truke? Inork ez baitu dohain deus ematen…. Zenbat eta laguntza gehiago jaso hainbat eta lotuago, gerora askatze prozesua zaildu egingo duelarik.

Nago, Estatuak ez diola beldur haundirik EAJko ideario independentistari behinik behin gauzatze aldera urrats sendorik ematen ez duelako “inoiz ez baita momentua” eta batipat “konfrontazioa” ez delako lehentasun euren jorratze bidean.

Aipatutakoa kontutan hartuta, ez dakit soilik erritmo kontua izango den, baina argi dagoena da independentistok, alde batekoak zein bestekoak, geure indarretan sinestu beharra dugula autodeterminazioa gauzatze aldera. Kimera bailitzateke pentsatzea beste batzuen jarduerek Estatu berri baterantz uztarritik tira egingo diotenik.