Etorkizuneko Amorebieta-Etxano birpentsatzen

itxaso-izaskun-eta-ander-1Amorebieta-Etxano HAPOa (Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorra) tramitatzen ari da, datozen urteotarako udalerri eredua definituko duen tresna eta herritarron egunerokotasunean eragina izango duena.

 

 

Indarrean zeuden Arau Subsidiarioak zaharkituta zeudela ikusita, eta 2006ko Lurzoru Legeak finkatutakoaren arabera, Hiri Antolakuntzarako Plan Orokorra tramitatzen ari da Amorebieta-Etxanoko Udala. HAPOa tresna integral bat da, zeinaren bidez epe luze baterako definitzen den nola eta zertarako (industriarako, zerbitzuetarako, etxebizitzetarako…) erabiliko den lurzorua. Funtsezko tresna bat da, udalerri eredua definitzeaz gain, herritarron egunerokotasunean ere eragiten duelako.

HAPOaren tramitazioa oso luzea da eta 5-6 urte pasa daitezke azken baiezkoa ematen zaion arte. Zornotzan, datozen asteotarako espero da Planaren aurrerapen bat, diagnostiko fasean identifikatutako beharrei alternatiba desberdinak planteatuko dizkiona.

EH Bilduren iritziz, Zornotzan hazkunde urbanistikoa gehiegizkoa izan da azken hamarkadotan eta koalizioak uste du indar guztia «herri polit» bat edukitzean zentratu dela. Hortaz, HAPOak gehiegizko garapen horri balazta jarri beharko lioke. «Herri polita nahi dugu, bai, baina ez hori bakarrik: bizikletan ibiltzea ahalbidetzen duen herria nahi dugu, barneratzailea, baliabide naturalei balioa emango diena eta lehen sektore bizi batekin», dio koalizioak.

HAPOa tramitatzeko orduan, legeak berak dio, parte-hartze prozesu bat ireki beharra dagoela eta Amorebieta-Etxanon ere hala eginda, aurkezpen eta tailerrez gain, Udalaren webgunean ekarpenak egiteko aukera emanez. Ikuspegi informatibotik programa hori egokia izan daitekeen arren, zornotzarrei erabakitzeko eskubidea aitortzen ez bazaie, tramite burokratiko batean gelditzen dela uste du EH Bilduk eta, horregatik, ezinbestekotzat jotzen dute Udalak ahalegin handiagoa egitea ahalik eta prozesu parte-hartzaileena bermatzeko.

Koalizioak sare sozialen, webgunearen zein aldizkariaren bitartez nobedade zein deialdi guztien berri emateko konpromisoa du.