Euria ari delarik

Iragana hitz-joko eta ideia indartsuen jolasa bilakatzen da zenbaitetan, egungo errealitatea ulertzeko lokarri gisara bestetzutan eta, baita ere, aurrean dugun kontrakoari gezi pozoitsua jaurtitzeko diana, norberak sortutako lokatzak irentsi ez gaitzan.

Hauteskunde kanpainan sartuta gaude bete betean eta, antza, norberak eskaintzen duen egitasmo politikoa egoki bideratzeko, aurrean duen kontrarioarena gutxietsi behar izaten da. Horretarako iragana adierak neurriko mugarria eta aldarria dela ematen du. Jakina, iraganean gertatutakoa memorian iltzatuta izaten dugu, iragana berreskuratzea eta egondakoaz hausnartzea ezinbestekoa egiten zaigu gaur egungoa ulertzeko.

Iraganari buruz ez hitz egitea leporatu digu EAJak Ezker Abertzaleari, ETA behin betiko desagertutako eszenatoki batean ere, oraindik egon badaudelako iraganeko arrastoak… ez dugu asmorik eztabaidarako… ez dugu iragan eraikitzailerik, ez nazio eraikuntzan, ez eta gizarte eraikuntzan… ez dugu deus ondo egin eta egitekotan egindako ezer gutxia euskal gizartearen kalterako izan da… Eurek egindakoa, ordea, guztiz onuragarria, beti herria egiten…

Argi gera bedi ez dugula inolako beldurrik hitz egiteko, egondako guztia onartzeko. Milaka epaiketa izan ditugu Entzutegi Nazionalean eta onartu izan ditugu egindakoak. Ez dugu ezer ezkutatzeko, baina ez gara eroriko eztabaida sasi-maltzurretan, ez eta demokraziari buruzko eztabaida antzuetan, euskal gatazka politikoa bestelako parametro batzuetan eztabaidatu beharko litzatekeelako eta ez, aitzakia elektorala merkea legez, gauza puntuala den hauteskunde kanpaina batean.

Pentsa daiteke EAJak hausnartuko zuela 1979an negoziatutako Autonomia estatutuaz, hamarkada batzuk igaro direlako eta oraindik guztiz eskuratu gabeko eskumenak daudelako. Barregura eta guzti eman dezake eta bakarren batek pentsatu ere egingo zuen dagoeneko negoziatzaile eskasak direla… Hori da herria egitea? Guk, jakina, ez dugu ezer eraikitzen euren esanari bagagozkio, baina ezin daiteke esan eurek arkitekto hobeak direnik. Hemen lokatza denentzako dago, nahiz harroputz agertu. “Nosotros a lo nuestro” esanda ez da ezer eraikitzen.

Duela egun batzuk Zelaietako auditorioan “Karpeta Urdinak”, torturari buruzko dokumentala, ikusteko parada izan genuen. Txosten zabala, sendoa eta guztiz argigarria, modu sistematikoan erabili zuten praktika deitoratzeko. Hamarkada luzeetan erabilitako praktika da tortura, egunero oinazea eragiten zuena eta orduko agintari politikoek jakin bazekitena.

Galdetu dezakegu ozen non zegoen EAJ guzti hori egunero errepikatzen zenean? Ez zitzaion entzuten ezta aho txikiarekin ere, beste alde batera begiratzen zuen. Eta gero, elkarbizitzaz ikastaroak emateko prest agertzen dira. Euria ari delarik lokatza ezinbestekoa da.

Hobe lukete “Karpeta Urdinak” dokumentala eskoletan eta, batez ere, batzokietan emango balute, herri honetan zer gertatu zenaz apur bar ikas dezaten, beste gauza batzuen artean…

Eta maiatzaren 28an, bozkatzera, herria egiteko.