Euskal kulturaren transmisioa krisian?

Inoiz baino medio eta hedabide gehiago dauzkagun honetan, inoiz baino gutxiago irakurtzen da eta, hein batean, irakurri ezean transmisio atal bat galtzen da. Iraganaren balioa maitatzea ezinbestekoa baita oraina interpretatu eta ulertzeko, zaletasuna eta premia uztartu aldera.

Zeren eta Historia ulertzeak ezin du besterik esan nahi geure buruak ulertzea baino. Iraganaz jabetzeak norbere burua harekiko zordun jakitea esanahi du. Herri bat batez ere bere Historia eta bere Utopia da, baina ez hori bakarrik, pertsona edo nortasun gisa ulertzen dugun dena da.

Kontziente oso gara denok, zer nolako papera jokatzen duen eskolak transmisioan eta, zer esanik ez, unibertsitate berak, goi mailako ikasketak garatze aldera. Hala ere, ez du ematen egun unibertsitarioak guztiz jabetuta daudenik geure historia hurbilenarekin, kontutan hartzen baditugu jakitera eman diren azken inkestak. Hauen arabera, euskal unibertsitarioek gure Historiaren gertuko hainbat une erabakigarri (duela 40 eta 20 urte gertatutakoak…) ez dituzte gogoratzen edota are  okerrago dena, ez dakite gertatu direnik ere.

Baliteke horren zioa Unibertsitatea (oraingokoa) guztiz neoliberala izatean aurkitu beharko genukeela, postkapitalismoak markatutako bidean baitoa. Akaso gura da gazteek benetako Euskal historia lumazko batekin ezabatzea. Gisa transmisioaren bitartez, jaso dugun kultura ondarea belaunaldi batek bestearekin harremana izateko bitartekari ona baita, ikaslea edota herritarra bere sustrai kulturalak ezagutzara daramalako.

Honi lotuta kontatuko nuke iloba bertso irakasle aritzen zela duela urte batzuk eta, eguneroko klase batean, ikasleei itaundu zien ea nor zen Sabino Arana Goiri. Hasieran isiltasuna nagusitu zen eta gerora batek erantzun zion ea poeta bat zen…

Garena ez da ekintza soil bat edo gertaera handien ondorioa baizik eta, historia txiki bat balitz bezala, kolektibo baten emaitza: egindako aktibitate eta lana, izandako gisa harremana, edo gure egunerokotasunari zentzua emateko darabilgun sinesmena.

Gizakiak eta herriak berak hautatu behar du zer izan. Nola orientatu xede eta balio diferenteen artean ondo erabakitzeko. Korapiloaren gakoa “zer” hautapen egitean datza. Nire barruan bizi den memoria hori (historia) naiz ni, horiek dakite nire nortasuna.