Euskaleok!

UnaiOrmaetxea2Ez al da ba zoragarria, gaur egiten ez duen eguraldia?

Nik bederen gaur gaurkoaz ez daukat koloretan amesteko plazarik. Kantauri itsasoa neure sentitzeko ahalmenik.

Udazkenak baino izan ez dituela dirudien herri zahar honen udaberriaren berririk.

Arrosa koloreko arrosa eta krabelin usaineko krabelinik. Egia funtzionalik! Kolorerik!

Badakizue zertaz ari naizen ezta?! Noski, euskaraz.

Mila era ezberdinetan esanda ere, betikoaz alegia.

Ez diogu ba, ertz guztietatik heldu kontuari, ta barometroak bere hortan darrai. Kale ondoko olerki bat garela dirudi!

Bat egiten dut ba udalak bultzatutako ‘501 baietz‘ ekimenaz, beste interes jakinik gabe gure hizkuntzaren alde egiten den guztiaz bezalaxe. Izan ere, nik ikasleei ikusaraztera ematen diedan moduan, ez dute ezertarako balio hizkuntza hontaz direnak eta ez direnak dakizkitenen jakintzak

-eskolan bikain bat ateratzen dutenen nota bezala-

gero erabilerarik ez badu.

Nahiago ditut dozenaka hitzekin komeriak egiten dituztenak ahalegin betean.

Aurreko baten ere esan nuelakoan baina, euskara ez da kopa bat edo koadro bat, apal batean izateko, parentesian esanda. Hizkuntza bat erabiltzen den heinean izango da baliagarri ta beste guztia poesia da. Ta hori ez da ‘egizu euskara’ esanez egiten! Hori egiten baino ez da lortzen, funtzionaltasuna lortzen. Ondarroako etorkinek dakiten eran, kalean erabilgarria den neurrian egingo da, ta punto.

Bermatu ditugu eskolak, gutxien gutxienean azken bizpahiru hamarkadetatik honako ikasleek gure hizkuntza dakite, hamarretik bederatzik bederen, bederatzi horietatik egunerokotasunean hiruk ere erabiliko ez duten arren. Kalean dago beraz gakoa!! Ez baitut denbora galduko eskoletan gaztelaniaz entzuten ditudan irakasleez berbaz; lanerako gorbatez!!

‘Bizitzaren etorkizunean’ euskara funtzionala den neurrian erabiliko da, ta hori, araudietatik at, kalearen esku dago. Gure esku! Aspertu naiz sarri, beharrik ez lukeen gerla hau orokortzen eta funtsa ikusarazten Katalunia adibidetzat jarriz. Eta eginahalean jarraituko dudan arren batean zein bestean, argi dago norberaren konpromisoa dela denaren gainetik. Norbanakoaren egiteaz bakarrik iritsiko garelako, egun, eraikitako lubakian gaudela ematen duen honen normalizaziora.

Ia beste hitz batzuekin azaltzeko modurik daukadan teklek ihes egin aurretik. Pizifaktoriak sortzea ondo deritzat, baina hauek ere ez daukate zentzurik itsasorik ezean. Gure txoriak ez du kaiolan hegan egingo lau haizetara zabaldu ezean.

Ez daukat euskarak iraungo duen beldurrik, baina ezin bada bizi alperrik dut! Etxea ez da jausiko baina bide eman ezean bakartua egongo da; opariak opari, errekonozimenduak errekonozimendu.

Nik ez dakit zuek, baina nik nahiago ditut buruan txoriak kaiolak baino!!

Ez da erreza, baina bakoitzak bere gerla pertsonaltzat hartu ezean ezinezkoa erabat. Badakit okertutako zuhaitza erabat zuzentzerik ez dagoela, urteetako galera konpontzerik ez dagoela, eta behin eta berriz horrekin borrokatzeak nekatzen duen guztiaz. Bakoitzak ‘nigandik hasiko naiz’ esanez bakarrik lortuko dugu baina. Hona propomen bat: ‘Gaur abenduak 3 da, nire eguneroko eguna’.

Urratsez urrats,

kilometroz kilometro,

ibilaldiz ibilaldi,

oinez, euskaraz…

ahoa hertsi orduko sartu den eulia, ireki arte ez delako irtengo.

euskara-komikiaGaitza egina dago ta ez dut nik gurea beste herrialdetako errealitateaz konparatuko baina, ez al da zoragarria Kataluniako betidaniko eguraldia?!

Beraiek egin dute hori, bere ohitura bilakatuz; hizkuntza baten arma premiazkoena. Tribu baten zeinu gorena. Naturalari ez diote beste erderek gaina hartu.

Ni saiatuko naiz neure buruarekiko eguneroko konpromisoa mantentzen. Euskararen eskale lez, zuek zer deritzozue ‘euskaleok’?!

Ezin gara inora begira geratu ez geure aitzakien jopu!

Egin dezagun ‘gaur abenduak 3a da, nire egunoroko eguna’ lelotik bizi-eredu. Animo ‘euskaleok’, primerakoak izatekotan geu gara ta!