Ezker abertzalea hausnarketa egiten ari da, bere estrategia birdefinitzeko asmoz

abianEzker abertzaleak ‘Abian’ izeneko hausnarketa prozesu parte-hartzailea eta integrala jarri du martxan, bere estrategia birdefinitzeko asmoz.

 

 

2010ean, ‘Zutik Euskal Herria‘ ebazpenaren bidez, estrategia aldaketa sakona egin zuen ezker abertzaleak. Baina, orain, beste urrats bat gehiago emateko unea dela uste du, eta, horretarako, bost urte horien analisia egin nahi du, lortutakoaren eta gaizki egindakoaren balantzea egin, bertuteak eta gabeziak identifikatu eta, gogoeta horretatik, ezker abertzalearen estrategia eraberritzeko, betiere Euskal Estatu independentea sortzeko helburuarekin.

Hausnarketa prozesua bi fasetan egingo da. Lehenengoan, urtarrila bitartean, hausnarketarako espazioak sortuko eta idatzizko ekarpenak jasoko dituzte. Bigarrenean, urtarrila eta martxoa bitartean, bilera irekiak egingo dituzte herri eta auzoetan, prozesua ahalik eta parte hartzaileena izan dadin.

Zornotzan abenduaren 12an egin zuten prozesuaren aurkezpena. 35 bat lagun izan ziren bilkuran. Eta asteburu honetan beste batzar batera deitu dute, jendearen iritziak eta ekarpenak bertatik bertara entzuteko. Eztabaida honetan bere burua ezker abertzalekotzat duen pertsona orok parte har dezakeela azpimarratu dute.

Prozesuari buruzko informazio guztia, ezker abertzalearen webgunean.