Frantziak Gorka Palacios presoa estraditatu du

Irantzu, Gorka eta Naia, espetxean ateratako argazki batean.

Gorka Palaciosek 14 urte eta erdiko kartzela-zigorra bete du Frantzian. Espainiaren esku utzita, Auzitegi Nazionalak bere garaian ezarri zion 30 urteko espetxe-zigorra bete beharko du orain.

Frantziak Espainiako agintarien esku utzi du Gorka Palacios preso durangarra. Estradizioa atzo, apirilaren 18an, gauzatu zuten. Oraingoz, Soto del Realeko (Madril) kartzelan sartu dute. Familiak jakinarazi du “ondo” eta “lasai” dagoela.

Gorkak 14 urte eta erdi igaro ditu espetxean. Azkeneko urteetan Saint Maurreko kartzelan (638 km) egon da.

Frantzian ezarri zioten zigorra bete du, baina orain, Espainiara entregatuta, oso litekeena da Auzitegi Nazionalak bere garaian ezarri zion 30 urteko espetxe-zigorra bete behar izatea.

Gorka Palacios Aldai durangarra 1974ko urriaren 17an jaio zen. 43 urte ditu eta 20 urte daramatza etxetik kanpo.

Irantzu Zabala zornotzarra da Gorkaren bikotea. Alaba bat dute: Naia. Gorka preso dagoen urte luzeetan, sakabanaketa politika Irantzu eta Naiaren bizimodua baldintzatzen ari da.