Garazi Biteri: “Astiro-astiro Estatuko hitzarmenak inposatzen ari dira eta horrek bertako langileen baldintzak okerrera egitea ekarriko du”

Langileek Zornotzako Aludium enpresan egindako elkarretaratze bat. Argazkia: LAB

Solasaldi luzea eta zabala izan dugu Garazi Biteri Durangaldeko LABeko arduradunarekin. Hainbat gai jorratu ditugu: lan-istripuen gorakada nabarmena, lan-hitzarmenen estatalizazio prozesua, emakumeen eta gizonen arteko soldata arrakala, pentsio duinak, ELA eta LAB sindikatuen arteko aliantza estrategikoa edo Osakidetzako oposaketetan izandako irregulartasunak.

– Urtea hasi zenetik 41 langile hil dira Euskal Herrian. Udan, 20 eguneko epean, 9 behargin hil ziren. Datuen arabera, okerrera egin da arlo honetan. Zergatik?

Ematen diguzuen aukera hau aprobetxatuz, lehenik eta behin lan istripuz hil diren langile guztien familia, lagun eta lankideei gure babes, elkartasun eta maitasun guztia helarazi nahi diegu.

Oso balantze negatiboa da, oso larria. Eta errealitate gordin hau ez da kasualitatea, ez da koiunturala eta arduradun zuzenak ditu. Ekidin zitezkeen heriotzak dira. Batzuk krisiaren jeitsieraz hitz egiten duten bitartean prekarietatea gero eta haundiagoa da, eta gutxi batzuk aberasten dituen prekarietate honek heriotzak dakartza, langileen heriotzak.

Enpresen ardura zuzena salatzeaz gain, administrazio eta gobernuei beste alde batera begiratzeari utzi eta errealitate gordin honi aurre egiteko bitartekoak jartzeko exijitzen diogu. Prebentzioarekin, bitarteko errealak jarriz eta lan preakarioarekin bukatuz bakarrik lortuko da horrelako heriotzak ekiditea.

Lan istripuetan hil diren langileez gain, ezin ditugu ahaztu lanaren ondorioz eratorritako gaixotasunez hil diren langileak. Langile hauek balantze eta errealitate hau are eta larriagoa bilakatzen dute.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileen eskubide, seguridade eta osasunaren alde. Prebentzioa landuz, arduradunak seinalatuz eta  heriotza hauek areagotzen dituzten prekarietea borrokatuz.

Lan-istripu bat salatzeko bilkura Durangon. Argazkia: LAB

– Negoziazio kolektiboaren estatalizazioak, labur esanda, bi helburu nagusi ditu: lan-erreforma patronalaren mesedetan erabiltzea eta hemengo lan-hitzarmenak Madrilen UGTk eta CCOOk patronalarekin adostutako itunekin ordezkatzea. Horrek Euskal Herriko langileriarentzat lan-baldintza okerragoak eta prekarietate gehiago suposatzen du. Baina, zehazki, zein da orain arte estatalizazioaren eragina Durangaldeko eta Zornotzako enpresetan?

Estatalizazioa piskanaka-piskanaka baina etenik gabe inposatzen ari diren errealitatea da. Izurrite baten moduan ari da lan munduan zabaltzen, eta inor ez dago estatalizazioaren arriskutik salbu. Zuek esan bezala, prekarizazio haundiagoa eta zerbitzu publikoen pribatizazioa dakar.

Durangaldean hitzarmen estatalak dituzten enpresa asko daude (adibidez Geroko, Gaurko eta Arrainlogik eroskiko subkontratak; Sortzen enpresa honek ere batez ere eroskirako egiten du lan; BZB kontenedore horien berziklaketa; Suez eta UTE etaps ur edangarri eta ur hondakinen enpresak, azken hauek Bizkaiko ur konsorziorako lan egiten duten subkontratak… etab) batez ere zerbitzu pribatuetan. Langile hauen egoera gehienetan oso prekarioa da, eta lantegi batzutan enpresako hitzarmen propioak sinatzea lortu badugu ere, beste batzuetan negoziazio eremu berriak irekitzea blokeatzen du patronalak, badakielako horrek, lan baldintzen hobekuntza bat ekarriko duela.

Herrialde mailako negoziazio kolektiboaren blokeo bat ere badago patronalaren              aldetik. Honek, gaur egun herrialdeko hitzarmenak dituzten langileak ere arriskuan        jartzen ditu. Aplikatzen zaien hitzarmenaren ultraaktibitatea bukatzen denean, estatu         mailako hitzarmen bat aplikatzeko aukera ematen dio eta honek patronalari. Beraz egun, bertako hitzarmenak dituzten langileak ere estatalizazio arriskuan daude.

Langile publikoei dagokionez, beraien  lan baldintzak ere, estatuko lege eta dekretuen bitartez arautzen dituzte,  estatuko aurrekontuen legeen bidez. Horrela negoziazio kolektiboko eskubidea guztiz ukatzen digute eta bertan, Euskal Herrian, gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidea erasotzen da.  Gainera, sektore publikoaren garapenari mugak jartzeak, pribatizazioa bultzatzeko estrategia argi bat da.

Errealitatea laburbilduz ondorengoa da; Estatalizazioa jasateko arriskua, langile               guztiek  daukate. Ixilean, piskanaka eta bitarteko desberdinak erabiliz inposatzen bait dabiltza. Honen aurrean beraz, kontzientziazio lana, mobilizazioa, lantokietan borrokak antolatzea, negoziazio eremu berriak irekitzea, arlo publikoan eragitea… dagokigu.

Pasadan kurtsoan estatalizazioaren kontrako dinamika oso bat landu genuen LABetik. Honen arira egin genituen maiatzak 30eko geldialdi eta mobilizazioak. Eta aurrerantzean ere LABetik estatalizazioaren aurka borrokan jarraituko dugu dinamika desberdinak martxan jarriz.

Guretzat, labur esanda, estatalizazioari aurre egiteko lau urrats dira garrantzitsuak: mobilizatzea; lantokietan borrokan antolatzea, prekarietatearen kontra eta lan baldintza duinen alde; negoziazio eremu berriak ireki daitezen borrokatzen eta arlo publikoan ere eragitea, lege inposaketen aurka eta negoziazio kolektiboaren eskubidearen alde.

Eta, estatalizazioaren mehatxuak behin betiko konponbidea non duen ere argi dugu: Lan Harremanetarako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua sortzea eta esparru sozioekonomiko propioa garatzea. Hemengo negoziazio esparrua defendatzea. Gaur egun sakoneko arazo bat dugu, lan arloko eskumenak estatuaren esku daudela. EAEko estatus berriak askatu beharreko korapilo nagusietako bat da hori, erabakitzeko eskubidearen aitortza eta ahalmen legegile osoa izatea, aldaketa sozialaren bidean, euskal langileoi dagozkigun gaietan erabaki ahal izateko.

Langileek Inbisa industria-gunean egindako elkarretaratze bat. Argazkia: LAB

– 2018ko martxoaren 8a mugarri izan zen mugimendu feministaren borrokan. Emakumeen eta gizonez arteko berdintasuna lortzeko bidean, ezinbestekoa da soldata arrakalarekin amaitzea. LABek horretarako neurri zehatzak proposatu ditu, baina sindikatuak egindako ikerketa batek dio ez dagoela horretarako benetako borondaterik. Durangaldeko enpresetan zein da soldata arrakalaren eragina?

Martxoaren 8ko grebak mugimendu feministaren urteetako lanaren fruitua eta adierazpen herritarra izan da, emakumeok egunererokotasunean jasaten dugun diskriminiazioa, prekarizazioa eta biolentziaren kontrakoa, adierazpen irmoa non LABek feminismoaren praktika politiko-sindikala kalera eta lantokietara eraman dugun.

Urteak daramatzagu arlo laboraleko diskriminazio sexistak salatzen eta ikustarazten eta aurten M8koaren grebaren testuinguruan oihartzun handiago izan du medioetan.

Emakumeok egun gizonak baino %15,2 gutxiago kobratzen dugu lan berdina eginez, hau da 1.200 € soladata baten 182,4 € gutxiago.

Baina hau, soldata arrakala, ez da emakumeok lan munduan jasaten dugun arrakal bakarra, eta beraz ez da jasaten dugun diskriminazio bakarra, lan mundua (jendartea den bezela) matxista eta sexista da eta beraz emakumeok subsidiarioak gara bai eskubideetan zein aitortzan.

Lanen feminizazioa eta berauen prekarizazioa, jardun laburragoak, promoziorako zailtasunak, gaisotasun laboralen onarpen falta, kontsiliazio neurriak feminizatuak, zaintza lanak gure esku, zerbitzu publikoen pribatizazioa…

Guk, LABekook oso argi dugu, emakumeok lan munduan jasaten ditugun ARRAKALA ezberdinek badute irtenbidea, neurri zehatzak aurkeztu ditugu behin eta berriro berauekin amaitzeko baina ez patronalak eta ezta egunero patronala babesten duen Urkuluren gobernuak ez dute nahi emakumeon diskriminazioarekin amaitzea.

Emakumeenganako diskriminazioaren adibide argi bat Texajax enpresan jasandakao izan da. Emakume bat, haurdun gelditzeagatik, erabat baztertua, diskriminatua izan zen bere lanetik. Zornotzako mugimendu feministarekin batera LABek egoera hau borrokatu eta jendarteratu genuen, epaiketa juridikoa irabazi zen, diskriminazioa egon zela argi geratuz, baina emakumen hau lanik gabe geratu zen. Eta beldurragatik adibidez,  salatzen ez diren horrelako kasu asko egongo dira. Hau da aldatu behar duguna. Horrelakorik gehiago gerta ez dadin.

Mugimendu feministaren bilkura 2018ko martxoaren 8an. Argazkia: Zornotzako Talde Feminista

– Mugimendu feministarekin batera, aurten indar erakustaldia egiten ari den beste mugimendua pentsiodunena da. Nola ikusten duzue pentsiodunen mobilizaziorako ahalmena eta pentsio duinak bermatzeko aldarrikapena?

Ongi esan duzuen bezala, bai mugimendu feministak eta baita pentsionisten mugimenduak ere, izugarrizko ikasgaia eman digute. Herri honetan aldaketa sozialerako grina bizi-bizirik dagoela gogorarazi dute.

Pentsionisten kasuan esan beharra dago, estatu espainoletik etorri den olatu horren aurretik ere bazegoela Euskal Herrian pentsio duinen aldeko borroka. Txalotzekoa da borroka horretan LABeko pentsionistak, gure pentsiodunen arloan antolatuta daudenak, urteetan egiten ari diren lana. LABetik betidanik babestu ditugu pentsionisten plataforma horiek, eta beraekin batera egin dugu lan.

Indarra badagoela agerian utzi dute pentsionistek, eta baita borrokan eta kaleak hartzen jarraitu behar dela. PP-PNVk egin nahi izan duten iruzurrari aurre eginez, kalean jarraitzeko asmoa adierazi dute. Horren adibide dira bai eskualdean eta baitta bestelako eskualde eta hiriburuetan egiten jarraitzen diren mobilizazio erraldoiak.

Pentsiodun asko eta asko pobrezian baztertzen dituzte, miseriazko pentsioak dituzte, bizimodua alditik aldira gero eta garestiago den bitartean. Pentsiodun ugari daude, 500 euro inguruko pentsio batekin, hilabete amaieran argindarraren faktura ordaintzeko zailtasunak dituztenak. Horietako asko, gainera, emakumeak.

Emakume pentsiodunen egoera are larriagoa da.  Egoera hau ez dezakegu inolaz ere onartu. Horrengatik, behin eta berriz irtengo gara kalera, erakundeetara joko dugu,… oihu egitera, adineko pertsonok ere duintasunez bizitzeko eskubidea dugula aldarrikatzera.

Zorionak eta gure indar eta babes osoa beraientzat. Guk beraiekin batera, plataformetan lanean jarraituko dugu. Eta dei bat luzatzea gustatuko litzaiguke, egun pentsionista ez direnak ere borroka hontara gehitu daitezen. Atera gaitezen denok kalera urriaren 1ean, gaurko eta biharko pentsio duinen alde.

Zornotzako pentsiodunak astelehenero biltzen dira Herriko Plazan. Argazkia: EH Bildu

– Pentsiodunen moduan, LABek urteak daramatza 1.080 euroko gutxiengo pentsioa eta 1.200 euroko gutxiengo soldata aldarrikatzen. Patronalek eta gobernuak hori ez dela bideragarria esaten duten behin eta berriro. Bideragarriak dira aldarrikapen horiek?

Pentsio duinen aldeko borroka guztiz lotuta dago enplegu duinaren aldeko borrokarekin. Gaurko lan baldintzen araberakoak izango dira biharko gure pentsioak. Lan duina, pentsio duinak, bizitza duina da gure aldarrikapena. Eta horregatik esaten dugu, pentsioen borroka ezin duela pentsiodunen esku bakarrik geratu, langile, herritar guztion borroka da. Denoi eragiten digu.

Patronalak eta gobernuek diotena erabateko gezurra da. Egoera honetara iritsi gara PPk pentsioen “itsulapikoa” izenekoa ahitu duelako. Erreforma berriak agindu dituzte,  “pentsioen arazoa” deitzen dutena are gehiago okertzeko. Alegia, gutxien dutenei pentsioa gutxitu, eta era berean, pentsio pribatuei, eta hauen bidez aberasten direnei, finantza sistema, alegia, laguntza ematea. Finantza sistema horrek ez du zalantzarik izaten diru publikoa jartzeko, gero eta pentsiodun gehiago are txiroago egiten duen bitartean. Politikari horiek zalantzarik agertzen ez dutenean aberatsei, bankariei, iruzurgileei,… laguntzeko edota AHTa bezalako proiektu txikitzaile, eta faraonikoetan milioika euro gastatzeko…

Toledoko Itunak ez ditu Durangaldeko pentsiodunen arazoak konponduko. Pentsio duinak bermatzeko Babes eta Gizarte Segurantza sistema propioa behar dugu. Pentsioak KPIaren arabera igotzea eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioak ezartzea eskatzen dugu, gure pentsiodunak pobreziaren arriskutik libre bizi ahal izateko.

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia, eskuinean. Argazkia: LAB

– LAB eta ELA sindikatuek aliantza estrategikoa egin zuten, besteak beste, negozazio kolektiboaren estatalizazioari aurre egiteko edo langileen eskubideak bermatuko dituen Euskal Estatua sortzeko prozesu soberanista abian jartzeko. Alabaina, azken urtean bi sindikatuen arteko harremanak zailak izan dira eta aliantza hautsita dagoela esan daiteke. Zer gertatu da?

Lan zentruetan borrokak ugaritzen ari dira eta mobilizazio soziala bizirik dago, aurretik aipatu dugun bezala. Horrek erakusten du herri honetan badagoela gehiengo sozial bat bestelako eredu ekonomiko eta sozial baten aldekoa. Aldaketa sozial hori posible izan dadin burujabetza behar dugu, gure eremuan erabakitzeko eskubidea.

LAB eta ELA sindikatuok iazko kurtsoan aurrera urratsak eman genituen elkarlanaren     bidean. Irailean urtebete, justu, sindikatu bien artean adierazpen bat atera genuen,       aldaketa sozialerako, ezkerretik, burujabetza prozesu bat bultzatzeko               konpromisoarekin. Balio handiko adierazpena da eta LAB bide horretan sakontzearen         alde dago. Bion esku dago hori, ez hirugarren baten menpe. Bi sindikatuok badugu         autonomia sindikal nahikoa adierazpenean hartutako konpromisoekin aurrera egiteko,        baina ELAk uko egin dio bide horri, ez du busti nahi izan, eta bere erabakia janzteko    kontakizun bat eraiki du, LABen kontra.

Elkarlana ulertzeko modu ezberdinak ditugu. Bi sindikatu gara, bi eredu eta estrategia   sindikal ezberdin ditugu, eta hori guztiz zilegia da. Biren arteko adostasunak eraiki egin    behar izaten dira, erdibideak topatu, elkar ulertu. Kontua ez da batak besteari bere   eredua inposatzea. Baina, tamalez, horrela ulertzen du ELAk elkarlana, eta hori onartu ezean LAB lehiakide moduan ikusten du. Ekintza sindikalean, negoziazio kolektiboan…  baditugu desberdintasunak, eta horiek gainditzeko bidean proposamen eraikitzaileak  egin ditu LABek.

Elkarlana ulertzeko beste modu bat da gurea eta oso jakitun gara, gainera, elkarlanik  ezean gure eragin gaitasuna mugatu egiten dela, bai lantokietako borroketan, bai   aldaketa sozialerako grina prozesu politiko batekin lotzerakoan.

Horregatik, jarraitzen dugu pentsatzen elkarlanean sakontzeko baldintzak badaudela;  osagaiak mahai gainean daude, langile eta herri moduan ditugun erronkei begira asko  dugu esateko eta egiteko.

LABek EAEko Justizia Auzitegi Nagusian salatu zituen Osakidetzako oposaketetan izandako irregulartasunak. Argazkia: LAB

– Amaitzeko, Osakidetzaren azken oposaketetan urte luzeetan denen ahotan zebilena argitu da: langilea hautatzeko eta plazak esleitzeko prozesuan irregulartasunak izaten direla. Susmoak aspaldikoak baziren, zergatik azaleratu dira orain irregulartasun horiek? 

Errealitate hau argitara atera da LABera zein beste sindikatu batzuetara salaketa egitera eta beharrezko frogak ematera hurbildu diren langile batzuei esker.

Osakidetzako LABeko delegatuak ere zoriondu behar direla uste dugu, emaitzak atera eta gero ikerketa hasteko froga bezala balio izan duen informe bat egin zutelako.

Argi dagoena da, orain arte, errepresalien beldurragatik inor ez dela salatzera ausartu.

Guzti hau argitara ateratzeko beste faktore bat, oraingo prozesuan IVAP sartu izana da. Galderak filtratzen hari zirenak urduri jartzeaz gain, prozesua gardena izateko neurriak hartu behar direnaren ebidentzia agerian utzi zuten.

– Osakidetzan gertatu dena ikusita, sektore publikoan orain arte ezagutu dugun oposaketa eredua aldatzeko aukera ireki al da?

Hori da konkretuki ekintza sindikala eta jurikoaren bitartez eskatzen ari garena. Eta legeria aldatzea beharrezkoa baldin bada, hau ere eskatuko dugu.

Legeriak dio aukeraketa prozesuek 3 printzipio bete behar dituztela; aukera berdintasuna, meritua eta kapazitatea.  Baina ikusten ari garena guztiz bestelako da instituzio desberdinetan, non postuak “a dedo” banatzen diren. Honen adibide dira eusko jaurlaritzako poltsarako gertatutakoa eta baita bigarren hezkuntzan gertatutakoa.

Beraz, administrazioak egun erabiltzen duen kontratazio sistema eta OPEena aldatu beharra dago, ez baitio aukera berdintasun, meritu eta kapazitate kriterioei erantzuten.

Prozesu garbiak nahi ditugu. Pertsona guztiek aukera berdinak izango dituzten prozesuak, pertsona hauen meritu eta kapazitateak baloratuko diren prozesuak. Kontratazio sistema egoki bat defendatzen dugu, zeinek zerbitzu eta langileen beharrei erantzungo dien, behin behinekotasun tasa altuarekin bukatu eta interinidadeari erantzun egoki bat emanez. Modu bakarra da kalitatezko zerbitzu publikoa eta enplegu duina lortzeko.

Baina honetarako beharrezkoa da negoziatzeko borondatea, eta orain arte ez dugu halakorik ikusi gestore eta arduradun politikoen aldetik. Orain arte berain erantzun bakarra reposizio tasak, eskaintza mugatuak, OPEen iruzurrak edo argitasun gutxikoak ian dira. Azken finean imposizioa eta elkarrizketa falta.

LABek guzti hau aldatu eta kalitatezko zerbitzu publikoak lortu arte mobilizatzen eta lanean jarraituko du.