Garoña itxita: herriaren garaipena

Urte luzeetako borrokak fruituak eman ditu eta herriak Garoña gelditu du. Borrokatzeak, nahiz eta nekeza izan, merezi izan du. Pasa den abuztuaren 1ean Espainiako Gobernuak behin-behingoz itxita zegoen Garoñako zentral nuklearra irekitzeko eskakizuna atzera bota zuen.

Euskal Herriko herri mugimenduari, eta batez ere Arabakoei , Araba Garoñarik gabe plataformaren urteetako lanari, eta borroka antinuklearrari esker zentral nuklearrik gabeko herri batean bizi gara. Lehen Lemoiz izan zen, orain, aldiz, Garoña. Baina mundu osoan ere ez dugu nahi mehatxu nuklearra. Etorkizunerako opari moduan, Garoña zentral nuklearraren barruan hondakin nuklearren milaka tona utzi dizkigute. Gutxienez 15 urte beharko dira Garoña desmantelatzeko.

Baina betiko oportunistak hor daude, inoiz ez dutenek ezer ere egin Garoñaren aurka, Lemoizen alde egon zirenek, edo errauskailua inposatu nahi dutenek ospakizunaren argazkian irten nahi dute. Ez Urkulluk, ez Marotok, ez dute gelditu Garoña, herria izan da borroka luze baten bidez lortu duena.

Mehatxu bat gutxiago daukagu, baina ez dugu ahaztu behar arrisku gehiago daukagula martxan gure herrian, zentral termikoak, Petronor, errauskailuak, AHTa… eta haien kontra ere mobilizatu beharrean gaude. Beste Euskal Herri batean bizi nahi badugu, amalurra defendatzea derrigorrezkoa da.