Gazteriaren ohiko arazoei aurre egiteko neurri zehatzak abiaraziko ditugu

Gazte Eguna 2019. Argazkia: Eneko Larruzea

Gazte Kontseilu berria sortuko dugu, gazteon ohiko arazoei irtenbidea emateko asmoz. Bizitza proiektu ezberdinak ahalbidetuko dituzten etxebizitza tipologia berriak sustatuko ditugu. Herrian sortzen diren lan eskaintzak gazteon eskura jarriko dituen lan-poltsa sortzea bultzatuko dugu.

Gazteok herriko erabakiguneetan egotea ezinbestekoa dela ikusten dugu. Gazteok osotasunena bizi ditugun arazoak (etxebizitza, lan-merkaturatzea, kontsumoa…) zuzentzeko asmoarekin, Gazte Kontseilu berria sortuko dugu. Zornotzako gazte, elkarte, lokal edo norbanakoek parte hartu ahalko dute bertan, eta gazteentzat politika zuzenenak eta eraginkorrenak zehaztea izango da kontseiluaren lana.

Bizitza proiektu ezberdinak ahalbidetuko dituzten etxebizitza tipologia berriak sustatuko ditugu: etxebizitza kooperatibak, zerbitzu eta instalazio komunitarioak dituzten etxebizitzak…

Enpleguari dagokionez, herrian sortzen diren lan eskaintzak gazteon eskura jarriko dituen lan-poltsa sustatuko dugu, lan baldintza duinak eta lan banaketa orekatuagoa bermatuz.

Teknologia berrien mundu honetan, herri birtuala sortuko dugu: herria gazteon egunerokotasunera hurbilduko duen aplikazio bat, informazioa partekatzea ahalbidetuko duena (kultur ekintzak, elkarteen ekimenak, hitzaldiak, festak…).