Gerra Zibilean eta gerraostean zornotzarrek jasandakoa biltzeari ekin diote Aranzadiren eskutik

Ezaguna da Aranzadi Zientzia Elkarteak memoria historikoaren arloan egiten duen lana. Bada, gaur egun, 1931 eta 1959. urteen artean Zornotzan izandako giza eskubideen aurkako urraketa eta errepresioaren inguruko ikerketa baten murgilduta dago. Hainbat datu biltzen ari da; besteak beste, gerraostean gure herrian izandako emakumeen kartzelaren ingurukoak, 1949. urtera arte 1.500 presotik gora pasatu ziren bertatik.

Ikerketaren lehenengo fasean 3.000 pertsonatik gora identifikatu dira, horietako 500 inguru zornotzarrak, eta, bigarren faseari ekiteko, herritarren testigantzak jaso nahi ditu Aranzadik. Horretarako oroimen-bulego bat irekiko da; azaroko asteazken guztietan irekiko da goizez 09:00etatik 13:30era eta arratsaldez 15:00etatik 18:30era. Bulego hau Urbano Larruzea kalean kokatuko da, Zornotza Aretoaren aurrean. Horrez gain, 943466142 telefono zenbakia eta memoria@aranzadi.eus helbide elektronikoa ere erabilgarri egongo dira helburu berberarekin.

Ikerketa bukatzeko, hirugarren fasearekin batera, jasotako informazio guztia liburu baten bildu eta argitaratu egingo da. Beraz, zornotzar guztiok animatzen zaituztegu parte hartzera eta garai ilun haietan gure herrian gertatutakoaren egia ahalik eta zehatzen eraikitzen laguntzera.