Gerra Zibileko biktimak omendu dituzte

Gerra Zibilak Zornotzan eragin zituen biktimen aldeko lore eskaintza. Larunbatean, maiatzak 16, Gerra Zibilak Zornotzan eragin zituen biktimei omenaldi xume baina sentikorra egin zitzaien Zelaieta parkean.

Bertan memoria historikoaren garrantzia azpimarratu zuten, orduan jazotakoa inoiz berriro gerta ez dadin. Euriak mehatxu egin zuen arren, eguraldia lagun izan zuten larunbatean Zelaieta parkera gerturatu zirenek, eta Gerra Zibilak herrian utzitako biktimei omenaldia egin zieten.

Gregorio Arrien historialariak hartu zuen hitza eta, gogoratu zuenez, 1937ko maiatzaren 18an sartu ziren tropa frankistak Zornotzan. Aurrez bonbardatua zuten herria.

Bai Arrienek eta bai David Latxaga alkateak memoria historikoaren eremuan lan egitearen garrantzia azpimarratu zuten.

Hitz hartzeez gain, lore eskaintza eta abesbatzek eskainitako kantak entzuteko parada ere izan zen.

Horrekin batera, Ametx Erakundeak eta Belatxikieta Elkarteak, Udalaren lankidetzarekin, aste osoan zehar erakusketa egin zuten Zelaieta Zentroan.