Gizon bat atxilotu dute Zornotzan bikotekidea jipoitzea egotzita

35 urteko gizon bat atxilotu dute ostiral honetan Zornotzan bikotekidea jotzea egotzita. Emakumea osasun zentro batean artatu behar izan dute. Hasiera batean erasotzailea etxean giltzapetu da, baina azkenean atxilotu egin dute.

Osasun zentrotik atera eta gero, emakumeak erasotzailearen aurkako salaketa jarri du.

Arratsaldean, elkerrataratze jendetsua burutu da Herriko Plazan erasoa salatu eta emakumearen babesa adierazteko. EH Bilduko ordezkariak ere han izan gara, gainerako udal taldeetako ordezkariekin, Mugimendu Feministarekin eta hainbat herritarrekin batera.

Aurrez, Bozeramaileen Batzordeak premiazko bilera egin du udaletxean. Hemen duzue alderdi politiko guztiok aho batez egin dugun adierazpen instituzionala:

– Amorebieta-Etxanoko Udaleko bozeramaileen batzordea bildu da, gaur goizean, urriak 11, herriko emakume batek, izandako eraso matxista irmoki arbuiatzeko.

– Emakumeak eta bere familiak behar duten guztian laguntza eskaintzeko prest gaude eta, aldi berean, errespetu osoa agertu nahi diegu.

– Udalbatzak bere konpromisoa berretsi nahi du bizitza, askatasuna, duintasuna eta emakumeek herritar gisa dituzten eskubideen kontra erasotzen duten indarkeria mota guztiak errotik ezabatzeko. Ekintza arbuiagarria da, Amorebieta-Etxanon zein beste edozein lekutan berriro errepikatu behar ez dena.

– Gizarte bezala, ezin dugu onartu inor, ezein emakume, emakume izateagatik, eraso baten biktima izatea. Zentzu honetan, herritar guztiei dei egiten diegu eraso matxisten konplize izan ez daitezen eta, beraz, egoera hauen aurrean inongo tolerantziarik ez dezaten izan, inpunitaterik ez dadin egon.

– Emakume guztien aurkako erasoei, gure gaitzespen irmoa adierazteko, kontzentrazio-deia egiten diegu zornotzar guztiei gaur arratsaldeko 19:00etan Herriko Plazan.

Emakumeenganako erasorik gehiago ez.

Amorebieta-Etxano, 2019ko urriaren 11