Goi tentsioko linearen obrak baimenik gabe jarri dituzte abian Arkotxa-Bediagan

Dorrea eraikitzeko zutoinak jarri dituzte jada. Argazkia: EH Bildu Zornotza

Gueñes eta Itsaso herriak lotuko dituen autopista elektrikoaren bi dorre eraikitzen hasi direla egiaztatu du EH Bilduk. Bizkaiko Foru Aldundia ohartarazteko eta lanak eteteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu diogu Udal Gobernuari.

Gueñes-Itsaso goi tentsioko linearen bi dorre baimenik gabe eraikitzen hasi dira Arkotxa-Bediaga inguruan.

Bizilagun baten abisuari esker jakin genuen duela zenbait aste obrak martxan zeudela, eta gaia Osoko Bilkurara eraman dugu.

Bizkaiko Foru Aldundiak ez dio Red Electrica Española multinazionalari autopista elektrikoa eraikitzeko baimena eman, proiektu horrek sai zuriaren -babestutako espeziea- habiagintzako eremua desagerraraztea ekarriko lukeelako.

Gauzak horrela, Bizkaiko Foru Aldundia ohartarazteko eta lanak berehala eteteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatu genion Amorebieta-Etxanoko Udal Gobernuari.

2017an, Amorebieta-Etxanoko Udalak egitasmo horren aurkako adierazpen instituzionala onartu zuen.